Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Baserritar

2017ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Joan dira Sanandresak, Santomasak, Olentzerorekin kantuan atera beharreko egunak eta inongo monarka ez diren Hiru Erregeak, zuriak belzteko betun eta guzti. Bizitzak eguneroko martxara bihurtu gaitu eta arropa apainak datorren urtera arte ondo tolestuta gorde ez dituena berantetsirik dabil. Hori baita kontua, ez dira bateragarriak baserritar arropak eta eguneroko bizitza bere buruhauste txiki eta handiekin. Baserritar jantzita minik gabeko espazioa eta aldia aldarrikatu baitugu, halako Jatorworld bat zorigaitzeko mundu honetan.

Trikiti doinu dekoratibo artean, sarritan etorri zaizkit akordura umetako pasarteak. Jakin nahi nuke nola ikusten duten orain baserritar jantzitako kaletarren samalda hori inoiz baserritar jantzi ez diren baserritar horiek, ume zirela pupitrean ondoan nahi ez genituenak, berak ez ezik simaur eta esne mindu usainez forratuak haien liburuak ere.

Bi mundu aurrez aurre, denborak zelaitu duen beste gatazka isil bat, gurean behintzat. Denbora laburrean utzi dio landa eremuak gune zikin eta lotsagarri izateari. Desaktibatua ohiko bizimodua, galdua mendeetako ezagutza, lasai doa orain bertara kaletarra etxea egitera urrutiko beste baserritar batzuen seme-alabei alokatuta bizitoki zaharra. Espazioen berrantolaketa honetan, bata itzali ahala piztu da folklorismoa bestearen bihotzean.

Alabaren baserritar arropak plantxatu eta John Berger hartu dut: «Gaur egun munduan nekazariak desagerrarazten dabiltzan indarrek erakusten dituzte ongi esperantza askoren kontraesanak, bere garaian aurrerabide historikoaren hastapenetan jasotzen ziren haienak. Ekoizpenak ez du urritasuna murrizten. Ezagutzak ez dakar nahitaez demokrazia gehiago. Munduaren batasun ekonomiko eta militarrak ez du bakea ekarri, genozidioa baizik».

Amak deitu dit handik labur. Bidali dizkiodan argazkietan, polit hutsa omen dago umea baserritar jantzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.