Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Inpunitatea

2016ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Italia ipar-ekialdian dago garai bateko zerua nolakoa zen ikusteko aukera ederrena. Kobalto koloreko zerupe izarniatuan, miraz eta izuaren gatibu, gizakia, den bezain txiki. Eta hau leziatu beharra dagoelako, Jesus eta Mariaren bizialdi txatalak, komiki baten eran azaldua guztia. Lagun, bizioen ete bertuteen alegoriak. Eta dena ez dadin artearen festa eta margoen mozkorraldi izan, infernuaren errepresentazioa, bekatariak irentsiz elikatzen den deabru eta guzti. Oraindik ere, ez sinestekoa da duela zazpiehun urte Giottok eta bere laguntzaileek egindako lana Scrovegnitarren kaperan, Paduan.

Pospolo, Enrico Scrovegni-ren izua, aita su eternoan galduko ote zitzaion. Izan ere, Dantek berak erakusten du bere Infernuan, zazpigarren zirkuluan preso, garaiko beste logrero batzuekin batera, Reginaldo Scrovegni. Aitaren arima salbatzeko agindu omen zuen Enricok obra zoragarria.

Beste garai batzuk ziren: lukurreria bekatu larria zen, zigor gaitza merezi zuen hurkoen gosearen lepotik bizi zenak eta Giottoren zerupe eder hartan bisitariari ez datorkio besterik hau baino, nor izango ote zen Enrico Scrovegniri ikara hezurretarainoko sartu zion dialektikaren artista, abilidadea behar baita izan hitzekin horrelako marabilla bat lortzeko.

Poetak zioen bezala, gaur egun zerua itsaso zikin bat da, ordea. Paduako Giottoren kaperan urteak dira zerupean agertu diren hezetasun orbanak kezka direla. Bistan da hemendik zazpiehun urtera inork ez duela egungo Scrovegnien izuaren arrastorik aurkituko, ez Paduan ez inon. Eta hala ere, egungo bisitariak legetxe, berdin-berdin egingo diote galdera beren buruari, iruntzietara baina: zer gertatu zen jende hark ezeren beldurrik ez sentitzeko? Zer gizarte mota zen hura ez inork bere hitzez, ez inork ekintza-keinuz besteren kontura okitu arte aberastu ziren haien guztien zeruan infernu arrastorik ez eragiteko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.