Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

GU

2016ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Normalean galdu egiten naiz urteetan gehiegi urrundu orduko. Esan nahi dut: gauza naizela uste dut, neure kontraesan eta guzti, egun zer naizen eta nola heldu naizen hona azaltzeko. Funtsean ondorio geologikoa naiz, zain bolkanikoa duena seguru asko, alubioiek zikindu eta sedimentazioak aberastu duena.

Eta denboraren mozkina naizenez, bakarrean bizi ez dena. Gauza naizela uste dut nire moduko beste batzuk identifikatzeko. Primarioenak datozkit errazen, antzeko ekaiz eginak direnak. Kulturatze prozesu kontzientearen ondorioz bildu ditudanak datoz gero. Eta bai, bada gu bat. Edo hobe esanda, baditudala gu batzuk sinestuta bizi naiz.

Eta horretara jartzeko eskatuz gero, urteetan zenbat eta gehiago urrundu orduan eta zailagoa zaidalako neure burua topatzea, gutasunaren konpainian ekiten diot abenturari. Hasieran, ez da zaila. Nolabaiteko parekotasunak topatzera egiten dut, nola-halako proiekzioak. Idealizazio eta guzti, batzuekiko sinpatia da bestela definitzen nauena, baita errukia ere, eta sarri askotan, kontrarioak obratzen nau.

Eta hala heltzen naiz memoriak bere izena galdu eta historiaren zabortegia hasten den ezpondara. Emozioa apaltzen den eremutik, zinez zaila egiten zait neure burua ikustea, ezta gu horren babesean ere. Horrexegatik, «guk Carlomagno garaitu genuen» entzuten dudan aldiro, ni ez nengoela han aldarrikatzeko gogoa datorkit, ez dudala garaipen harekin zerikusirik, eta pentsatzen hasita, bitxia ere badela ez Ameriketan bertako jendea garbitzen, ez esklabogintzan aritu ez direnak Orreagako haitz artean agertzea mende batzuk lehenago. Esan gabe doa: hainbeste egun txepel izan gu hori oretzeko eta a zer identitate kolektiboa orain mila eta berrehun urteko borroka epikoan bilatu nahi duena bere burua, nire gutako gehienok auskalo non ginela, zer larretan, mendi hegaletan gora, oroitzapen den gerora...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.