Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Marcos

2014ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Doroteo Arango jaio zen, baina Pancho Villa deitzea aukeratu zuen, hildako lagunak bizirik segi zezan. Marcos ere gerrillari izena da, nobela bateko izatea baina, Benedettiren «Juan Angelen urtebetzea» izenekoan. Eta fikziozko hilari izena hartuta, Marcosi esker jakin genuen badela munduari Chiapas deritzon toki bat, eta liberalismoaren dolareak han ere behekoak zanpatzen dituela, eta «jatorrizko herriak» bizirik dirautela oraindik, mendeetako otzantasuna aldetik astinduta.

«Ikus gaitzazuen estali dugu aurpegia» esanda agertu zen mundura. Ez da berria kontrakotasunak testuari indarra ematen diola, baina ituan jo beharra dago jendearengana heltzeko. Publizitatearen hizkera izan da Marcosena, eta poesiarena. Hor asmatu du gurekin. Che berraragitu bat indigena artean, jaseko gizona bere pipa eta guzti, estetika ez zaintzera eta castilla loratuan mintzatu ezean, ikusten ez genituelako.

Orain badoala dio. Ez dela gehiago Marcosen ahotsaren bidez mintzatuko EZLN.Isildu egingo dela. Pertsonaia triskatzea, porrokatzea, birrintzea erabaki dutela guztien artean. Eta lainoarekin bat egin aurretik izen berria hartu duela. Norena, eta ostera ere literatura bizitzarekin lotzen den puntu horretan, hildako batena. Jose Luis Solis Galeano komunitate zapatista bateko eskola-maisua zen, eta maiatz hasieran hil zuten. Hiru tiro eman zizkioten, eta aho aldea txikitu zion aihotz ukaldia.

Hogei urte aurten zapatistak ikusgarri egin zirenetik. Eskatutakotik zer lortu duten, googlen bilatu eta... hutsa, ebatzi dugu presakako iraultzaileok. Epelegi jokatu dutela, pirotekniaz ez dagoela ezer irabazterik. Nork eta guk.

Marcos badoa eta kontua da nola ikusiko ditugun orain, nola esan behar diegun bestehalako bat behar dugula, ez diegula ulertzen bestela, eta esan gabe esaten, hemen inoren gogoko izateko ezin dela indio bat bezain itsusia izan.

Oraintxe bai estutu gaituztela ederki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.