Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Manifa

2015eko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Manifestazioaren imajinarioan aldarri betean dabil jendea, lan-baldintza duinen eskean, esaterako. Edo zirrikitua nahi zaiolako egin ziega bati. Bidegabekeria eta amorrua, ilusio epela eta etsipena. Eta ahaztu gabe. Manifestazioetan ibili izana bermea da: «ni grisen aurrean korrika egindakoa naiz».

Manifestazioaren imajinarioan botereari egiten dio oihu herri xeheak, bestela entzuten ez diolako etsita, eta ezinago artega begiratzen da lau ertzetara, balitekeelako agertzea, baina ez entzutera, botereak ez baitu gura inork entzunarazterik. Einsensteinen Potiomkin filman, Errusiako tsarraren armada da tiroka ekiten diona eskaileretan behera herio batean doazenei; Chaplinen Aro Modernoak-en, tragedia ironia fin bihurturik, kamioi batetik jausitako zapi gorria jaso eta airean astintzen duen arlote despistatuaren atzetik doa polizia. Manifak xehatzea, hori izan baita, jendearen imajinarioan, edozein poliziaren eginbeharretako bat. Eta poliziak saihetsak hautsi izan ditu, buruak zanpatu, begiak atera, eta Chaplinago jarrita Eisenstein baino, betor Urkiolegi bertsolaria 1920ko Azkoitiko makinisten grebaren kronikan: «gosiakin ez dute/ inor errenditzen/ asi zaizku plomozko/ konpitak partitzen».

Kontua da berez eskema sinple hau aldatzen zaigunean dena mudatzen dela, to ez dela no. Parisen ikusi genuen gaur zortzi. Ordura arte errege koroazioetan, prozesioetan, ekitaldi arranditsuetan agertu diren horiek manifestazio baten buruan jartzen direnean kezkak lotzen baitzaitu atoan. Besoz besoz joan ziren berak badira jendea hondamendira kondenatu duten bankuen zuzendari, berak badira armada kolonialen, polizien eta zerbitzu sekretuen buru, munduan nonahi pizten eta itzaltzen diren gerren eta adiskidetzeen antolatzaile, milioika heriotzaren arduradun, zer egiten zuten han, inork baino ageriago gandorra? Zeren kontra batu ziren? Areago, zeren alde?

Eta erantzunak beldurra ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.