Jule Goikoetxea.
ARKUPEAN

Estrategia

2014ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Zerk bilakatzen du subjektua bat eta berbera? Zerk ematen dio herriari identitatea? Zerk bereizten du diskurtso politikoa diskurtso ekonomikotik? Barrentasunik gabeko itaunketak eta kanpoalderik gabeko erantzunak zizelkatzen eman zuen Michel Foucaultek bizitza. Diskurtsoaren sena eta boterearen erraia semiotikoak, orain dela 30 urte utzi gintuen filosofo frantziarrak aztertu zituen bi giza praktika. Diskurtso (subjektu, herri) baten identitatea diskurtso horrek mamitutako estrategien multzoa zela zioen.

Ez dago esentziarik, ez jatorririk.

Estrategiak, Foucaultentzat, diskurtsoa osatzen duten objektuak, subjektuak eta kontzeptuak era sistematikoki diferentean lantzeko moduak dira. Estrategia ez da beraz bigarren mailako elementua, razionalitate edo esentzia diskurtsibo bati atxikia, diskurtsotik at biziraun dezakeena. Hortaz, ez da existitzen behin betikoa edo intenporala den diskurtsorik, kanpotiko jatorria duten hautaketek perbertitu eta erreprimituko luketena. Ez dago diskurtso multzo ezberdin, nahasi eta teilakatuen azpian ezagutza errealak metatzen doan beste diskurtsorik, eguneroko biziraupenak baldintzatzen duten arauez haragokorik. Egiazkoa den diskurtsorik ez dago, labur esanda, urteak joan, mendeak etorri, iraultzak joan, inperialistak etorri, bere horretan mantenduko litzatekeen diskurtso arrazional eta idealik; erratuak, tronpatuak, gezurrezkoak diren diskurtsoetatik libratu beharrekoa.

Pentsamolde ilustratuaren arabera, egiazko diskurtso horren periferian diskurtso galtzaileak eta suntsituak egongo lirateke, egiaz desjabetuta, identitaterik gabeak. Betiereko barne haustura batean biziko lirateke diskurtso horiek guztiak, zer ari naiz, barrurik ez lukete sikiera. Puska hondatzailez osatuak, zioen Foucaultek, horren heterogeneoak non historiak iritzi izatera kondenatu dituen.

Periferia egon badago, diskurtso galtzaile eta suntsituak ere bai, baina ez diskurtso multzo nahasi eta teilakatuen azpian egiazko ezagutzak biltzen doan diskurtsorik.

Horrek, gutxienez, bi ondorio eta galdera bat dakartza. Lehenengoa, estrategiek sortzen dutela Arrazoia, estrategiek sortzen dutela Natura, Jainkoa eta Egia. Bigarrenik, egiarik eta moralitate objektiborik ezean, sen ona zentzuzkotasuna besterik ez da, ez ona, ez txarra. Irabazi duten estrategien sena da sena.

Ez baldin badago gure estrategiez haratagoko zentzuzkotasun diskurtsiborik, galdera: zer arraio ari da ezkerra eskuineko zentzuzkotasuna diskurtsiboan haragituta?

Familia eta matrimonioa, obligazio zena, desio aske bilakatuta. Maitasun erromantikoaren eskutik amatasun pribatizatuaren defentsa, hots, nik nire seme-alabak maite ditut, nireak direlako.

Kapitalismoaren eta patriarkatuaren kontrako estrategia ezin hobeak, bai horixe. Eskuineko praktika politikoari krisi ekonomikoa esatea bezalaxe edo herria pobretzen duten erakundeen aurrean herria abestera gonbidatzea, biluztera, bakarrizketa oparoetara, burua galtzera, —betiere unibertsalak diren giza eskubideen izenean debekatuta dagoen biolentzia erabiltzen ez badu—, unibertsalki, hots, munduko pobre orori, aplikatzen zaion printzipioa izanik. Bidegabekeria dantzatzen, elkarbizitza, ordena eta bakea goraipatzen, guztia Europar Batasunak subentzionatutako abesbatzaren erritmoan irensten.

Oraina, etorkizuna, existentzia bahitzen digute egunero diskurtsoa ostu digutelako. Baliabiderik eta aitortzarik gabeko existentzia zaila baldin bada, pentsa estrategiarik gabekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.