Jule Goikoetxea.
ARKUPEAN

#AlternatibenEgitura

2015eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Globalizazioa pribatizazio prozesu bat da, eta erdi aroko esklabutzaren hainbat elementu barneratzen ditu egungo gizarte teknologikoetan. Kapital globalak zure gorputza quantum-etan zatitu eta produkzio dispositibo bilakatzen du, goititik behera eta ezkerretik eskuinera, begiradatik gibelera, sortzen duzun guztia (umeak, janaria, gorotza, ezagutza, maitasuna, etxeak, autoak, biolentzia, tresneria, zaintza, erabakiak) zuk aukeratu ez dituzun esku pribatuek kudeatu eta profitatzen dutelarik. Horrela igarotzen gara herritar izatetik, teknologia handiko esklabo izatera.

Azken hamarkadetan herritarren eskaerak gauzatzeko eta herritarrak gobernatze prozesuan barneratzeko behar den ahalmen politikoa etengabean pribatizatu da. Globalizazioa demokraziaren pribatizazioa da, demokraziaren erakunde publikoak (guztionak) elite finantzarioaren esku uzten dituelako: ikus legebiltzarren bilakaera lotesle izatetik, hautazko izatera, eta «adituek» eta korporazioek gidatutako gobernuak. Ahalmen politikoa herriak bere eskaerak gauzatzeko duen gaitasuna da, eta hori egiteko tresna nagusienetakoa (udal eta lege) biltzarra edo batzarra da. Beste tresna nagusienetakoa langileen batzorde eta sindikatuak dira. Azken erreforma guztiek, hemen, estatu eta Europa mailan, erabaki publikoa artikulatu eta kanalizatzen zuten tresna eta erakundeak deuseztatzea izan dute helburu.

Erabaki publikoa loteslea izatetik hautazko izatera igarotzen denean pribatizatzen da demokrazia, eta herri boterea eta autoritatea kanalizatzen duten mekanismo eta erakundeen pribatizazioak (hezkuntza eta osasuna barne) herri subiranotasunaren desagerpena dakar. Hori da Alternatiben Herriak ekidin nahi duena. Herri subiranotasunaren aldeko apustu irmoa da, eta herri subiranotasuna herritarren ahalduntze prozesuek gauzatzen dute, baina prozesu horiek baliabideak behar dituzte, eta baliabideak partekatuak dira. Horregatik, burujabetzak ez du dependentzia deuseztatzen, duina bilakatzen du. Asko dakite horri buruz herrialde pobretuetako emakumeek, elikadura burujabetza, eko-feminismoa eta ekonomia feministaren proposatzaileek. Burujabetzak herritarron autoritate eta erabakimenari egiten dio erreferentzia, ez herriko talde batzuen botere ekonomikoari. Herri burujabetza herritarrek beren bizitzako eremu ezberdinetan hartutako erabakiak ordezkatu eta gauzatzeko gai den sistema politiko eta ekonomikoa edukitzea da. Herri subiranotasunaren desagerpenak herritarren erabakitzeko ahalmenaren pribatizazioa du oinarri. Lurra, ura eta argindarra esku gutxi batzuena da jada, eta lapurreta horrek erakunde publikoen (hezkuntza, osasuna, erretiroa, justizia, garraioa, segurtasuna, bigilantzia) eta espazio publikoaren (kaleak, plazak, festak) pribatizazioa dakar. Horri aurre egiteko Alternatiben Herriak hainbat alternatiba jorratu ditu, baina ezin dugu ahaztu alemaniar kapitalismo kualifikatuari, anarko-kapitalismo amerikarrari edo suitzarren kapitalismo demokratikoari ezin zaiola era berean aurre egin, alegia, kapitalismo globala ez dela bat eta bera. Ez da orokorra, zehatza baizik. Ez da unibertsala, partikularra eta zatikatua da, botereak eraginkorra izan behar baitu, ez koherentea: gorputzak eta baliabideak behar ditu, ez kohesio diskurtsiboa.

Kapital globala konkretua da, Alternatiba globala, orokorra. Oinez doa Alternatiba, satelitez Kapitala. Kapitalak nanometroka funtzionatzen du, Alternatibek, megametroka. Kapitala bio-boterearen aldekoa da, baina erakundeen bidez erdiesten du diziplina eta etekina, eta tokian tokiko helburuak, taktikak eta baliabideak izateaz gain, egitura globalak ere baditu, gure Alternatibek ez bezala.

Burujabetza demokratikoak ahalmen politiko handiko egitura-erakundeak eskatzen ditu, egitura horiek gauzatu behar baitituzte populazioaren erabaki politiko eta ekonomikoak. Hortaz, Alternatiben Egitura bat ere ondo legoke, herri subiranotasunaren helburua hori baita, herria birsortzea herriak erabaki bezala. Baina ez dago herria birsortzerik egitura politikorik gabe. Kapitalismo globalaren egitura politikoa estatu liberala da. Zein izango da gure Egitura Alternatiboa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.