Jule Goikoetxea.
ARKUPEAN

Kanpaina

2015eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Hasi da kanpaina, pertsonak dira lehentasuna, Espainiar poliziek bortxatzen zaituzten bitartean, kudeaketa gardena da gure bermea, entzuten da Bilboko kaleetan, espainiar justiziak poltsa egiten dizun bitartean. Ezkerrak boterea, maitasuna eta ogia birbanatu nahi ditu, eskumak aldiz esku gutxitan bildu eta Espainiak zu gu ni atxilotu, inkomunikatu, torturatu eta 6 urteko bahiketa abiatu.

Ahotan da guztion ardura dela honekin amaitzea, pobrezia krisia eta Espainia guk asmatu izan bagenitu bezala. Guztiok omen gara kristauki errudun, kristauak ez direnak izan ezik. Azken horiek beren gobernuari erru berezia egokitzen diote, eta Gabonetarako Europari izar bat eta Espainiari nazio gehiago, bi kilo gehiago, eskatuko dion EAJren gobernuari ardura berezia egokitzen diotenen artean nabil.

Frakasorik gabe hobeto biziko gara glorian baino, Eusko Alderdi Jeltzalea, Jainkoaren eta Lege Zaharren erreboltari arriskutsua, badirudi baina moderazioa dela zure patua, iruzurraren eta abusuaren galtzapeko negozioa, Eusko Alderdi Jeltzalea, ezaguna, langileen pobre desklasatuen kontura, miseria giroan erregeak, espainiar degradazioaren teknokrata txukunenak, zuen herritarrak bahitzeko kudeaketa gardena eskaintzen diozue Torquemada juniorren liga bananeroari eta torturaren aurrean manager adituaren zorroztasunarekin isilik nola mantendu erakusten diguzue, baina isiltasuna erretreta da, erretreta umiliazioaren aurrean porrota, nahiz eta frakasorik gabe bizi nahiago glorian baino.

Bart, zentroa moderazioa, moderazioa ongia eta ongia egia dela uste duten Espainiar espoliazioaren teknokrata otzanekin amestu dut, euskal administrazioko New Management teknologikoaz mintzo ziren beren herritarrak bermerik gabe kaleratu eta etxegabetzen zituzten bitartean, Open Government-ean murgilduak zebiltzan ustelkeriatik legezko ustelkeriara, arduragabetasunetik mespretxura: Bidegitik Kutxabankera, Rep.solimaz.com-etik Cabacasera, orain atxiloketa batzuk, sakabanaketa apur bat gero, hemen finantza sektorea desarautu pittin bat eta pribatizatu han lur industrial apurra, guztia titanioaren balioez blaitua, beren herritarrak beren lurraldean bertan egunez plakaz eta pistolaz bahitzen zituzten bitartean.

Tortura ezin duzuela kudeatu? Baina bai ahalbidetu, horretarako da gure Basque-Hillseko Counter-Stasia,lotsabako Euskal Herria zorrotz kudeatutako probintzia espainola bilakatzeko.

Estatismo dosi txiki batekin izpiritu kristau-demokratak ez lizueke alde egin izango, orain ordea balio taxologikorik gabeko animaliak zarete, herria zuena dela idealizatzen duten horietakoak, baina zuen ironia zintzopensantearen hankartean dabiltza gure gazte torturatuak, gure senide atxilotuak, Euskal Herria herri eta herria Euskal Herri bihurtzen dutenak.

Jeltzale maiteak, zuek ez zarete herri honen jatorria, herri honen ondorioa baizik. Ignorantziaz mozkortuak kudeatzen duzuen herriak aldiz ez ditu kudeatzaileak behar, gobernariak baizik: Euskal herriak euskaraz bizi dezan, politika askatasunez egin dezan, berezko hezkuntza sistema izan dezan, berezko justizia eta polizia autonomoa (ez autonomikoa) eratu ditzan gobernatzaileak behar ditu. Kudeatzaileek enpresak kudeatzen dituzte, ez dute herririk sortzen, ez dute herria demokratizatzen. Euskal industria ez da kasualitatez galtzen finantza espekulazioa nahigabe zabaltzen ez den bezalaxe, zuen kudeaketa neoliberalaren ondorio dira herri honek pairatzen duen miseria eta biolentziaren areagotzea, euskal botere publikoen pribatizazioa, euskal sindikatuen kriminalizazioa eta euskal hezkuntza planaren mediokritate nazional-katolizista.

Geneetan ei duzue kudeaketa eraginkorra, menpekotasunaren kudeaketa izango ez ote da.

Gorputz kolpatu askok, jeltzaleenak barne, eman zuten bizia egun bilakatu zaretena ekiditeko.

Horien guztiengatik nahiago dugu Jeltzaleen klasea saldu, borondatez salbuetsitako eta beldurrez okatutako konformidadeagatik, bakea trapitxeatu baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.