ARKUPEAN

Amen

Pilar Kaltzalda
2015eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Garai baten erlijioak gurean izan zuen tokia urrituz joan da. Beharrik ez dagoelako izan litekeela uste izaten nuen nik; hots, adimena sinesmenei gailendu egingo zaien eboluzioaren etapa berri baterako iraganbidean geundela. Oker nengoen, ordea. Izan ere, gizaki ustez modernook fede-molde berriak asmatu ditugu, hutsune existentzialaren ertzetan kulunkan jarraitzeko, ez erortzeko ahalegin antzuan. Gurtza berriak asmatu ditugu, eta orain lur azpitik ateratzen dira jainkoak galtza laburrak jantzita, infra-munduaren barrunbeetatik azaleratzen dira igandero, eta oinak darabiltzate zerua eta infernuaren arteko bide erakusteko.

Kontuak egiten ibili naiz egun hauetan, eta eskuko hatz guztiak ez dira nahiko izan futbola, zuzenean edo zeharka, hizpide izan diren elkarrizketa eta solasaldiak zenbatzeko. Nonahi eta noiznahi ageri da kirol izarra, kirol errege absolutua: lagunarteko kafe-solasetan, irrati eta telebistetako tertulia edo albistegietan, edota herri-ordezkarien adierazpen uste burutsuetan. Jainko berriak zaharren aje berberak ditu: orojakituna ei da, orotarikoa eta nonahikoa.

Egizue kontu: Bilbo inguruetan bizi den donostiarra naiz eta, euskal herritar guztiak bezalaxe, neurri batean, nafarra. Bilboko taldea Errege Koparen finalerako sailkatu denez geroztik, beste konturik ez da etxe jiran. Txapelketako azken norgehiagoka non jokatuko den oraindik ez jakiteak soka luzea eman die jarraitzaile eta batere jarraitzaile ez direnei, eta dudarik ez dela, luzerako dugu oraindik. Madril aldean hauteskundeen partida jokatzeko ordezkoen aulkietatik atera berri den politikari ezagun batek sua goratzea erabaki du, liturgiari falta zitzaion azken ukitua ematearren, apika.

Kirol-emaitzetatik harago doa Nafarroa aldeko kalapita. Erreinu zaharrean deabru guztiak dantzan dabiltza, berdegunetik zuzendaritza-taldearen bulegoetara, Foru Jauregiaren Ogasun Saileko karrajuetatik pasaz. Guztia egiaztatu arte balizko iruzurrez hitz egitea dagokigun arren, kiratsa dariola ukaezina da. Orain kontu zikin horiek guztiak ahotik ahora zebiltzala esaten da, ezaguna zela, edo susmatu egiten zela behintzat, nahiz eta mataza askatzeko egokierarik ez den izan orain arte. Zergatik, edo hobe esanda, zergatik ez, galdetzen diot neure buruari. Eta topatzen ditudan erantzunak ez zaizkit gustatzen. Auzi hau guztia nafar ororentzat mingarria dela esan du bertan urteetan ardura instituzionalak izan dituen politikari ezagunak, jarraitzaile izan ala izan ez, erlijio berria monoteista baita, eta denok, fededun.

Kirol soila baino zerbait gehiago da futbola, hori ukatzerik ez dago. Igandero (edo larunbatero, edo asteartero) zelai erraldoiak mukuru betetzen dituzten jarraitzaileei «arima» esan ohi diete futbol-esatariek, eta zerbait izango da horrelakoak entzunda, normaltzat hartzen dugunerako. Ezin onartuzko kantak noiznahi entzuten dira, azken-aurrekoak Betis taldeko jarraitzaileen koruan, tratu txarrak salatu dituen jokalari baten bikotekidearen kontra sekulakoak eta bi esanez. Euskal Herritarrok maiz izaten gara delitu beharko luketen kantuen jo-puntua. Ezagutzen ditut armarrietan eserita daudela beren seme-alabei biraoak esateko baimena ematen dieten gurasoak, gero edukaziorik finena emango dietelako ustetan, kolegio garestietara eramaten dituztenak. Jainkoaren bideak ezin asmatuzkoak dira.

Pultsiorik oinarrizkoenak agerian uzten ditu futbolaren gainean eraiki dugun gurtza berriak. Ohituta ez bageunde, harritu egingo ginateke era horretako pasioak tartean direnean gurean izaten den zurikeriaz jabetzean. Ikuspegi ideologikotik Euskal Herri bat eta bakarra defenditzen duen jarraitzaileak auzoko taldea etsairik porrokatuena dela nola esango dizun entzutean, adibidez. Diru publiko nahikorik (ustez) ez dagoen garai baten katedral berriak altxatzea etorkizun-apustua dela entzutean, adibidez. Zergak eta bestelako betebeharren mugak nola lausotu, malgutu eta ia desagertu egiten diren, nola garen jokalari edo taldeen diru-kontuekiko begirune aparta erakusteko gauza. Jainkoen aurrean apal, sakrifiziorik latzenak egiteko prest.

Kontrakoa uste izateko motibo nahikoa eman badut ere, futbola atsegin dut nik, eta makina bat asteburu eman dut zelai kalamastratan hotzak hilik, iloben golak txalotzeko, eta taldeko gurasoekin ordutegi penagarriengatik sekulakoak eta bi esanez. Futbola, hots, kirola, atsegin dut, baina futbol-ikuskizunera gero eta gutxiago arrimatzea erabaki nuen aspaldi, osasun-kontuak tarteko; osasun mentalarengatik, esan nahi da.

Liverpool taldeko entrenatzailea izan zen Bill Shankly 15 urtez. Berak esanda da ondokoa: «Batzuen ustez, futbola hil ala biziko kontua da, baina oker daude: hori baino askoz handiagoa da». Autofedea da, sinistu beharrekoa. Eta horrela doakigu. Amen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.