Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Galdetu

2016ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Ezertxo ere ez zekielako, galderak egiten zituen Sokrates handiak. Nola bere buruari, hala harrokeria handiz den-dena zekitela esan ohi zuten sasijakintsuei, galderak egin eta egin aritzen omen zen. Bitxia da gero, baina etengabeko itauneko galbahetik pasatuta ere, gero eta gutxiago zekiela esan ohi zuen. Ez da kontraesana, alta: ebidentzia bakoitzak oraindik ezagutzeke duen eremu are zabalagora eramaten gaitu eta han, berriro errotzen da zalantza.

Platoni bere ikasleak galdetu ei zion behin: «Etengabe galdetu eta gero ere, ezjakinagoa zarela esan ohi duzu; orduan, zertarako galdetu, maisu?». Eta Sokratesek erantzun: «Ez dakidanaz ohartzeko».

Maieutika izenez ezagutzen da galderaren bitartez ezagutza xaxatzeko modu hori, «argitara eramatea», hitzaren adierari erreparatuta: ez dakizuna galdetuta «erditu» egiten da ezagutza, edo horrelako zerbait iradoki du izendapen horrek.

Bihar, 34 herritan galdeketa egingo da Gure Esku Dago mugimenduak bultzatuta. Elkarri galdetuta ez da argituko erabat norako bidea lehenesten duen herri honek bere etorkizuna antolatzeko moduez. Galdetze hutsa, baina, ariketa osasungarria da, ariketa terapeutiko eta eraginkorra, emaitza gorabehera elkarri aitortzen baitiogu ez dakigula zein den bidean egin beharreko urrats zehatza, baina bide horrek aurrera egin behar ote duen elkarrekin erabakitzeko asmoa dugula. «Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?» dio herri horietan boto-kutxaren barruan sartzea eskatzen den papertxoak. Bai-ez erako erantzuna bilatzen da, bai edo ez galdetu egiten baitzaie herritarrei. Horrela, galderaren bidez, gaur-gaurkoz ezezaguna zaiguna argitara emango da, ebidentzia horretatik aurrera zer egin erabakitzeko.

Hain da ulergarria guztia, hain da zentzuzkoa ez dakizuna jakiteko galdetzea, ezen harritu beharko gintuzke kontrakoak.

Nola jakin, bestela? Nola jakin, adibidez, Erresuma Batuko herritarrek Europar Batasunean eroso dauden edo bertatik ateratzea nahiago ote duten? 1975. urtean, xehetasunak xehetasun, horixe galdetu zitzaien, eta orduan merkatu bakarraren aldeko agertu zen gehiengoa. Nola jakin bere horretan jarraitzen ote duten herritarrek? Zeharkako tresna gehiago izan ditzake gobernu batek herri-iritzia biltzeko, baina, funtsean, galdetzea ez den bide hoberik ez dago, ezkutuan dagoena ikusteko argitara ateratzea beste modurik ez dagoen bezala. Iritzitik ebidentziara pauso txiki bat dago, baina zinez pauso garrantzitsua.

Galderak deserosotasuna eragiten du: bere helburua horixe baita. Horrek ez gintuzke urduri jarri behar, eta alderantziz, lasaitu ederra hartu beharko genuke gauzak (iritziak, egoerak, antolatzeko moduak, pentsatzeko moduak) mugitu egiten direla ikustean. Zalantza izateak, nork bere buruari eta ingurukoei galderak egiteak ez baitu bere horretan nahasmendua sortzen: ezkutuan dagoen aldaketa-grina detektatu eta bideratzeko moduak eskaintzen ditu eta handik sortzen dira aurrerapenak.

Erditze guztiak ez dira erosoak edo atseginak, baina guztiek sortzen dute, kostata bada ere, bizi propioa izango duen errealitate berria.

Imajinatu dezaket Sokrates bere ingurukoei gezien moduko galdera zorrotzak jaulkitzen, etenik gabe; galdera bota eta erantzuna entzun orduko segida bizkorra: «zergatik? nola? zertarako? zergatik ez beste modu honetara? zergatik ez beste horretarako?» Imajinatu dezaket eta, beraz, ez zait batere kostatzen ulertzea zein gogaikarri eta deserosoa gertatuko zitzaien filosofoa egia biribil, bakar eta berdaderoaren esne-mamitan goxo zeudenei.

Gaur egungo demokraziaren oinarritzat jotzen ditugun printzipioak harri-koxkorrak baino ez ziren Sokratesek bere galderekin boteretsuak artega jartzen zituen garaian. Mendeak gorabehera, aurrerapenak aurrerapen, lehengo molde bertsuan jarraitzen dute batzuek, politika zalantzetatik ikasteko baino, ziurtasuna kudeatzeko tresna hutsa delakoan.

Zalantzek eta galderek ez dute ahultasuna islatzen; alderantziz, indarra behar da dudak izan eta galderak egiteko, askoz errazagoa baita erosotasunaren lozorroan kulunkan jarraitzea, anestesiaturik edo amore emanda.

Zalantzak dituztenak atsegin ditut; galderak egiten dituztenak behar ditugu, munduak (mundu handi eta mundutxo txikiak) aldatzeko gaitasuna izan dutenak galdera deserosoen bidez aurrerapena ahalbidetu duten pertsonak eta mugimenduak izan baitira. Bide egileak, argi-egileak, emaginak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.