Gurasoen Ford Fiesta gorri zaharra; Laja eta Landakandaren eta Nina Moustakiren kaseteekin txandakatuz, ia atsedenik eman gabe entzuten genuen. Aitaren esku bat bolantean, eta bestea irratikasetean.
Auskalo noren ezkontzan amonarekin dantza egindako Take This Waltz hura; Imanol Lartzabalen ahotsarekin batera gehien gustatzen zitzaizkionak omen ziren. Pausoak ondo emateko nire kezka, eta amonaren esku gidari indartsuak nire sorbaldan.
Urretxuko gaztetxe zaharrean, hordituta (eta herabetasun azpimarragarri batez), Iñigori egindako aitorpena. Zergatik oso ondo jakin gabe, orduko rock talde asko baino gustukoagoa nuela bardo zahar hura. Lagunaren eskuak imintzioka, airean ezker-eskuin mugituz.
Italiara egindako bidaia, eta Luccako plazan Oihanarekin entzundako kontzertua. Ez areto itxi itxuroso batean, ez giro barnerakoiean. Plaza handi zabal batean, italiar gazte, adineko eta familia zenbaitekin dultzemeneoan, eskutik helduta.
Arrebari, Feliperekin batera, ausarkeria nabarmenez kantatutako bals koplak. Jasotako konplizitate keinuak eta lagunaren eskuak gitarrari eragiten.
Eta bere eskuak. Artista oso gutxiri ikusi dizkiodan esku adierazkor eta adeitsuak. Ahotsarekin ez ezik eskuekin kantatzen baitzuen. Esku bat, mikrofonoan. Bestea, gorantz zenbaitetan, publikorantz besteetan; edo itxita, barne indarrei askabide emanez, entzuleari bat egite izpirituala ez ezik, hezur-haragizkoa ere proposatuz. Kapela kentzeko ere erabiltzen zituen, aurrean zuenari oles egiteko. Kontrakotasunetik baino gehiago, gertutasunetik ulertzen zuen mundua, enpatiatik. Hala iruditzen zitzaidan niri. Eta hor irabazten zuen egiazkotasuna bere dotoreziak. Bostekoa emateko primerakoa behar zuen.
DENA ETA EZTENA
Eskuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu