martxelo otamendi
Kataluniako erreferenduma. ANALISIA

Ondorioak

2017ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Ondorio asko eta multilateralak edukiko ditu igandean Espainiako Gobernuak bultzatu zuen jarrera bortitzak.

Aurrenekoa, Europan. Atzo bertan iritsi zitzaizkion Nazio Batuen Erakundearen eta Europako erakundeetako hainbat arduradunen oharrak. Eta gaur erabatekoa izango da, aurreikuspen guztien arabera, sindikatuek, patronalaren zati handi batek eta gizarte taldeek deitu duten greba. Eguna bukatu arte itxaron beharko da grebaren tamainari erreparatzeko, baina aspaldi ez bezalakoa izan liteke; oso erabaki edo aktuazio gutxik sumindu dutelako katalan jendea herenegun Poliziaren erasoak egin zuen bezala. Europak ere ikusiko du greba hori.

Europako diplomaziak Rajoyri bidali dizkion oharrak serio hartzekoak dira, eta aurrekaririk ez daukate Europako Batasuneko estatu handien kasuan, ez behintzat Poliziaren jardunagatik. Gertatu eta berehala etorri da zentsura publikoa; atzo bertan eledunetako batek lanak eduki zituen Bruselako prentsaurrekoan kazetarien galderei erantzuten Espainiako Gobernua oso gaizki utzi gabe. Europa ez zen sartuko era sendoan Kataluniako aferan egoera dexente okertu bitartean, hau da, trenen talkaren ondorio larri eta kudeaezinak gordinki azaleratu arte. Igandekoak derrigor aldaraziko dizkie asmoak Europako Batasunari eta munduko beste diplomazia pare bati, eta azkartu egingo du horien esku hartzea. Diplomazian egiten den tentuarekin, baina egin beharko du.

Bigarrena, Katalunian. Igandetik are trinkotuago dago independentziazaletasuna Katalunian, bai organikoki eta baita herritar arruntaren kasuan. Inor baldin bazegoen independentziazaleen artean pentsa zezakeena ezin zela aurrera jarraitu, eta igual egokiagoa izan zitekeela aldi baterako asmoa aparkatzea, batere aukerarik gabe geratu da igandekoaz geroztik.

Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak herritarren buruak txikitu zituzten igandean, baina ez ziren hezur horiek izan hautsi zuten gauza bakarra. Horrekin batera, Espainiako sektore moderatuek diseinatuta zeukaten ordezko estrategia ere txikitu dute: igandea istilu larririk gabe pasatuz gero, independentziari uko egin eta errenuntzia horren truke Kataluniako berezitasun fiskalari, kulturalari eta hizkuntzazkoari buruzko negoziazio garai bat zabaltzeko konpromisoa.

Hitzetik hortzera erabili dute argudio hori, hitzez eta idatziz,Kataluniako eta Espainiako moderatuek. Nortzuk dira? Katalunian ez independentistak direnak, eta Espainian Rajoyren jokabidearekin oso kritiko direnak. Igandean gertatutakoak haien estrategiari are balio handiagoa ematen diola argudiatuko dute orain, alegia, bi aldeek amore emango duten negoziazio bat ireki behar dela. Igandekoaren lehen biktima politikoa bitarteko aukera hori da. Independentziazaletasuna indartuta atera da igandekoarekin, eta harrezkeroztik are zailago izango da sektore horretan, bitarteko eskaintzen bidez, pitzadurak eragitea. Rajoyk oxigeno politikorik gabe uzten ditu Kataluniako katalanista ez-independentziazaleak, oso zaila egiten zaielako argazki politikoan haren ondoan agertzea. Kataluniako banku, enpresa eta komunikabide handietako jabeek desesperatuta egon behar dute PPren jokabide gero eta zuriezinagoarekin.

Hirugarrena, Espainian. Hor ere badu eragina igandeko sarraskiak. PSOE eta Podemos behartuta daude oraingo jarrera aldatu eta beste era bateko jokabide exijenteagoa edukitzera. Sozialistek Kongresuko batzorde geza bat baino dexente gehiago eskaini beharko dute, politikoki bizirik atera nahi badute datozen garaiotan: Rajoy are errepresiboago bat beste bi alderdiei erabateko leialtasuna eskatzen. Podemos adostutako erreferendumaren alde dago, baina, Colaurekin ikusi dugun bezala, arriskurik hartu gabe jardun nahi du, ohartuta Espainian jokatzen duela partida, nahiz bere emaitzarik onenak, Madril kenduta, arazo nazionalak dauzkaten herrietan eduki: Herrialde Katalanak, Euskal Herria eta Galizia.

Drama handiagoa dauka buruzagi sozialistak. Sanchezek Rajoyren alternatiba izan nahi du, baina Kataluniako auzian oso zaila dauka urruntzea Espainiako Gobernuaren jarreretatik. Ez dio Kataluniari erabakitzeko eskubidea onartu nahi, ez duelako horretan sinesten eta, Espainiako iritzi nagusia ezagututa, ez duelako margenik ikusten horrelako eskaintza batetik bizirik ateratzeko. Hortxe dauka drama. Ikusi du PSC zatitzen eta txikiagoa bihurtzen, ikusten du gero eta sendoagoa dela Katalunian Espainiarekin ezer egin ezin litekeen konbentzimendua, baina ez da ausartzen Espainiako oraingo xake taula politikoa mahaitik kendu eta bete bat eskaintzen. Plurinazionalitate hitza esaten duen aldiro, dardarka hasten zaizkio alderdi zaharraren zutabeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.