Ilargi Agirre.
BI AHOTSETARA

Bidehuts

2017ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Lagun artean sortu zuten, askotan errepikatu baitute eurena elkarte gastrosoniko bat dela; lokalean musika egiteko biltzen direla, batzuk elkarte gastronomikoetan biltzen diren bezala. Duela hamar urte, 2007an, sortu zen Bidehuts kolektiboa, Ezlekuak Lisabök ateratako diskoarekin. Anarik, Lisabök, Inoren Ero Nik eta Hotelek jarri zuten hazia, Metak ordura arteko euren ohiko diskoetxea itxi zenean, euren lanak euren kabuz argitaratuko zituztela erabaki zutenean.

Geroztik, Bidehutsek ez du hutsetik ezer izan. 39 argitalpeneko —38 disko eta liburu bat— bilduma mardula osatu eta hamalau talderi eman die aterpe.

Autoekoizpena, adiskidetasuna, eta musikarekiko pasioa ardatz hartuta, eta irabazi ekonomikoei begiratu gabe, egin du aurrera hamar urteotan. Hasierako funtzionamenduari leial jarraitzen dio gaur egun ere. Talde bakoitzak autoekoizten du bere diskoa, eta zigiluak, nolabait, zabalpenean eta sustapenean laguntzen die. Ez dago bururik, ez soldatapeko langilerik, eta erabaki guztiak modu asanblearioan hartzen dira.

Urteurrena ospatzeko, Donostiako Bukowski aretoan festa bat antolatu dute, otsailaren 18an. Audience taldeak joko du eta ondoren DJak izango dira. Sarrerak agortuta daude jada.

Entzule gisa, Bidehuts izenak ematen dit halako konfiantza bat. Argitalpen berri bat ateratzen duten aldiro, kalitatezko zerbaiten aurrean egongo naizen sentipen moduko bat. Eta, musikari gisa, erakutsi dit badagoela funtzionatzeko beste modu bat, indibidualismoaren gainetik, musika eta kultura ulertzeko jarrera konkretu bat transmititu dit. «Ez nuen inoiz sinetsiko hamar urte beteko genituenik», adierazi du Eneko Aranzasti Lisaböko bateria jotzaileak, berriki, Mondosonoro-ri emandako elkarrizketa batean. Jarraitu dezatela, bada, beren bidea egiten beste hamar urtean. Euskal musikagintzak eskertuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.