Ilargi Agirre.
BI AHOTSETARA

Lilura

2016ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Nire ohiko jotzeko eratik asko aldentzen delako izango da, erritmo horiek ikasten ari naizelako orain edo zailtasunak erakartzen nauelako, baina jazz kontzertuetatik erabat liluratuta ateratzen naiz askotan. Erakargarria egiten zait inprobisaziorako nolako gaitasuna duten antzematea, eta elkarrekin jolasean zenbat gozatzen duten ikustea. Horixe gertatu zitzaidan lehengo astean Bilboko VII. BBK Jazz erakustaldiko kontzertu batera joanda. Juan Ortiz hirukotearen eta Blas Fernandez bateria jotzailearen proiektuak aurkeztu ziren, eta biak ala biak aho bete hortz geratzeko moduko emanaldiak izan ziren. Sarrerak amaitu egin ziren, eta batzuk sartu ezinda geratu ziren.

Juan Ortiz bilbotarrak And the World is large (Anomia, 2016) diskoa aurkeztu zuen. Musikenen jazz ikasketak bukatu zituenetik ez da aspertu Ortiz. Izan da piano jotzaile transatlantiko batean, izan da musika irakasle Katmandun (Nepal) eta jo du Londresen, Kalkutan (India) eta Tokion (Japon) eta halako hiri urrunetan. Gaur egun Hiroshiman (Japon) bizi da. Bidaia horietan guztietan izandako esperientzietan oinarrituta osatu du azken diskoa. Bilbon kontzertu biribila eskaini zuen.

Blas Fernandez bateria jotzailearen txanda iritsi zen ondoren. Kepa Junkera, Benito Lertxundi, Mikel Urdangarin edota Mauri Sanchizen alboan hainbat bira egindakoa da Fernandez, eta Bill Evans, Randy Brecker eta Dean Brown bezalako nazioarteko musikariekin ere grabatutakoa. Bere lehen bakarkako proiektua Urbanetniko (Youkali, 2015) deitzen da; jazza, funka, bluesa eta popa uztartzen dituena. Anjel Unzuren gitarra jotzeko era dotoreak eta Fernandezek tartean behin bateriarekin egin zituen erakustaldiek harrituta utzi zuten publikoa Bilbon.

Jazza ez da udako jaialdietan amaitzen, baina egia da halako noizbehinkako ekimenak kenduta ez dagoela zirkuitu egonkorrik Euskal Herrian. Kalitate izugarriko musikariak jendaurrean kontzertuakemateko ezintasunarekin egoten dira askotan, baldintza duinetan jo nahi badute behintzat. Oso tristea da hori jendea liluratzeko gaitasuna dutela kontuan hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.