Kataluniako erreferenduma. Euskal Herria. IRITZIA

Prozesua

Paco Letamendia, 'Ortzi'
2017ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Kataluniako prozesua akasgabea ari da izaten. Esan nahi duenagatik: onartzen baldin bada Katalunia nazio bat dela, horrek esan nahi duenaren kontra dauden indar batzuek onartzen duten bezala, bere buruari buruzko erabakiak hartzeko eskubide osoa duen subjektu politiko bat izango dugu aurrean, eta ez ilargiari zaunka ari zaion txakur bat.

Mende hauetan, indar ilun bat izan da estatu modernoa, monarkek armadekin batera sortua XVII. eta XVIII. mendeetan, eta nazio gisa prostituitua XIX. eta XX. mendeetan, bazter utzi zirelako bai klase borroka galdu zutenak, hots, langileak, eta bai talde nazionalak, hizkuntza eta kultura zirela-eta talde menderatzaileaz bestelakoak ziren talde haiek. Estatua indar elitista eta baztertzaile bat izaki, behetik baino ezin zen aldatu. Eta horixe ari da gertatzen Katalunian: oinarrian sortutako mugimendu batek instituzioak kutsatu ditu, zutik jarri ditu gizarte talde guztiak, ikasleak, udalerrietako herritarrak, zamaketariak, kaleko jendea, diskurtso eta praktika pazifista eta gandhiarrak erabiliz eta goitik gobernuarekin konektatuta, zeina, haiei esker, itxuroso ari baita lanean.

Oinarrikoek eta gailurrekoek elkar hartu izanaren ondorioz, Espainiako Estatuari erori egin zaizkio maskara guztiak —aurren-aurrena, konstituzioarena, zeina beti izan baita zentralista eta zapaltzailea—, eta agerian geratu da erabiltzen ari diren hizkuntzaren perbertsio erabatekoa, non erabakitzeko eskubide demokratikoa sediziotzat jotzen den, eta gizarte zibilaren ordezkarien eta kargudun publikoen kontrako jazarpena, berriz, legearen eta demokraziaren garaipentzat. Hortxe dabiltza zenbait akademiko, indarra erabiltzeko eskatzen —indar legitimoa? Bai zera!—, zurkaiztu nahian goxo hartzen dituen estatu bat, arerioei bola beltzak jaurtiz beraiei sustapen lana egiten diena eta kontu korronteak puzten dizkiena; hortxe daude zenbait hedabide ustez serio, zabor prentsaren mailara beheratuta; hortxe epaileak eta poliziak bate-batera jardunean—poliziak, gainera, «a por ellos!» (ekin gogor haiei!) oihuaz adoretuta, azeri edo basurde ehizan balebiltza bezala—, eta hortxe okupazio indarrak mossoei xantaian, odoltxartzeraino, eskatzen ari zaizkienaz nazkatzeraino.

Prozesuari bermeak falta zaizkiola? Hori katalanei egoztea, ordea, bahituari ezin mugitzea egoztea bezala da. Konfederazioa? Hori, baina, ez da estatu baten eginkizuna, baizik eta lehendik existitzen diren estatuen borondate kontua, eta, horretarako, sortu egin behar dira estatuak aurrena, eta lehendik zegoen estatuak demokratizatu egin behar du, jokoan sartzeko bezainbeste. Oraingo auzi honetan, ordea, ez dago halakorik, bistan denez. Horregatik, «Visca Catalunya lliure», «Gora Euskal Herria askatuta», «Viva Galiza ceibe» eta «Viva España libre» etenik gabeko eginkizunak dira, esanahi berekoak: guztiek dutela erabakitzeko eskubidea.

Egoera honen ondorioz, Katalunian erruz ari dira independentistak sortzen, han-hemen; eta niri pozgarria zait hori. Baina ez da hori garrantzitsuena. Funtsezkoena da burutan ateratzea subjektu politiko katalanaren erabakitzeko eskubidea —hemen Gure Esku Dago-k ondotxo dakien bezala—, erreferendumaren emaitza gorabehera, estatuaren indarkeria guztia gorabehera. Are, posible da —baina inondik ere ez segurua— urriaren 1ean botoa emateko ekintza fisikoa galaraztea indar basatia erabiltzen badute. Baina hori ere ez da izango benetan erabakigarria: Kataluniak irabazi du jadanik, eta fruituak jasoko ditu lehenago edo geroago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.