ANALISIA

Susmopean

Ibai Maruri Bilbao.
2017ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak azken urte honetan bilera bat egin du Bizkaiko eskualde bakoitzean, parte hartu nahi izan duten herritarrekin. Seguruenik enplegua izango zen bizkaitar horien kezka nagusietako bat. Eskualdeetako mugitzeko arazoak ere aipatuko zizkioten. Baina asteon kontatu du bilera «guzti-guztietan» eskatu diotela gizarte laguntzen kontrola indartzeko. Kasu egin die: gizarte zerbitzuen kalitatea egiaztatzeko eta laguntzetan iruzurra antzemateko plana sortu du diputazioak.

Agerraldi berean Rementeriak azaldu du iruzur kasuak «oso eskasak» direla lurralde historikoan. Eusko Jaurlaritzak aurten emandako datua da: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gizarte laguntzak jasotzen dituzten 64.000 pertsonen artean, iruzur kasuak %1era ere ez dira iristen. 500 milioi banatzen direnez, bost milioi euroko iruzurra egon da. Erakunde publikoek makina bat eratako diru laguntzak ematen dituzte. Diru publikoa zorrotz zaintzea, berez, ez da kritikatzekoa. Zilegi da inbertitu edo banatutako euro bakoitza dagokion helburua betetzeko erabili dela ziurtatzea. Baina, kasurako, inoiz ez da sinadura bilketarik egin enpresak nazioartera hedatzeko edo teknologia berriak sustatzeko ematen den dirua zorrotzago kontrolatzeko eskatuz. Bai, ordea, gizarte laguntzen kasuan. Lehen biak, seguruenik, beharrezkoak izango dira ekonomia indartu, lehiakorrago egin eta enplegua sustatzeko; baina azkenak eskubidea dira: herritar askorentzat duintasunez bizitzeko ezinbesteko tresna.

Izan ere, bizimodu ahalik eta duinena izateko soldata emango dien enplegua lortzea da herritar gehienen ametsa. Inor gutxik nahi du besteen kontura bizi. Laguntza eskatzen duenak beharra izan ohi du. Sarri, kostatu egiten da laguntza eskatzea. «Ez dezala inork jakin». Dirudienez, ematea ere bai, kopurutan hain arazo txikia dena lehen mailako problema bihurtzen duen gizarte «solidarioarentzat». Eta diputazioak plana aurkezteko aukeratu duen leloak ez du mesede handirik egiten. Laguntzak bai, kontrola ere bai. Kontrolean hainbesteko indarra egiteak dagoeneko handiegia den iruzurraren susmoa hauspotu dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.