Ainhoa Oiartzabal Azketa.
HIZPIDEAK

'Napartheid'

2017ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Nafarroako Euskararen Legeak ezarri dituen zonifikazioak, eskubide diferenteak dituzten nafarren herrialde bat eraiki du. Hau da, Tuterako herritar batek eta Leitzako batek ez dituzte eskubide berberak bizi diren, lan egiten duten, zergak ordaindu eta tokiko zerbitzuak erabiltzen dituzten herrialde berberean. Hizkuntza eskubideei dagokionez, batzuei ez baitzaizkie aitortzen.

Oraindik indarrean dagoen 1986ko Euskararen Legearekin, izenetik beretik hasita gertatu da diskriminazioa: eremu euskalduna, eremu mistoa eta eremu ez-euskalduna izeneko hiru gunetan banatu baitzuten Nafarroa. Afrikako kontinentea bezalaxe, erregelarekin eginiko banaketa dirudi. Eta segun eta marraren zein aldetan bizi den herritarra, edo euskaldun edo ez-euskaldun bihurtzen dute de facto.

Atzo Nafarroako Parlamentuak eginiko tramiteekin mugitu ziren pixka bat marra horiek. Eremu ez-euskaldunetik irten eta eremu mistora sartzeko eskatu duten 11 udalerriri aukera zabalduko baitzaie pauso hori emateko.

Baina bide hori egitearen kontra, betiko muga eta marrek bere horretan jarraitzen dute: PSNk adibidez, atzoko tramitazioaren kontra bozkatu zuen, eta salatu zuen euskara ofizial bihurtzea dela benetako asmoa.

Hizkuntza bat bere eskubide guztiekin aitortzea mehatxu gisa hartuta, nekez gaindituko dira Nafarroan herritarrak zatitzen dituzten egoerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.