mikel p ansa
HIZPIDEAK

Mugimendua

2016ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Iaz «erabakiaren aroa» hasteko momentua zela esan zuen Gure Esku Dago-k, futbol zelaietan ekitaldiak egin eta erabakitzeko gogoak oihalekin josi zituenean. «Erabakiaren aroaren» ideia hura berriro ekarri zuen gogora Angel Oiarbidek atzo Euskadi Irratian. Iaz, estadioetan, Dimak eta Ispasterrek iragarri zuten herri galdeketak egiteko asmoa zutela aurten. Motza eman zezakeen erronkak, baina Goierriko eta Debagoieneko herritarrak batu zaizkie urtebete honetan, eta guztien artean gorputza eman diote «erabakiaren aro» horri. Horregatik, Oiarbidek seinalatu du ez dela ezer bukatuko ekainaren 5ean. Kontrakoa: «hasi» egingo da.

Esanguratsua da igande honetan gertatuko dena, Gipuzkoako herrien %36tan egingo baitituzte galdeketak, eta gipuzkoarren %20k izango baitute, behingoagatik, Euskal Herriaren etorkizunari buruz beren iritzia emateko aukera, eta BERRIAk aurreratu du Gipuzkoako Batzar Nagusiek babestu egingo dituztela galdeketak, eta parte hartzera dei egingo dutela; EAJk eta EH Bilduk adostua dute testua. Aldiz, Ahal Dugu kanpoan geldituko dela ematen du, besteak beste uste baitu «Espainiako Estatuarekin alde biko akordioa» egin behar dela halako estiloko galdeketak egiteko. Horren erraza balitz, ordea, ez litzateke beharrik izango galdeketak antolatzeko herriz herri. Debeku, traba eta urteetako ezin bati erantzuteko sortu baitira galdeketa hauek, hain justu. Edozein moduz, «erabakiaren aroa» hasi egingo dela ematen du, alderdiekin edo alderdirik gabe, eta eragile politikoak mugitzera eta egokitzera behartuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.