mikel p ansa
HIZPIDEAK

Konfiantza

2017ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Bakearen artisauek apirilaren 8ko data eman zutenean, ETA desarmatzeko ekintza atzeraezin bihurtu zuten. Baina eguna publikoki jakinarazteak agertzen zuen eragile batzuk ekintza horretara behartzeko asmoa ere. Frantziako Gobernuaren teilatuan ezarri zuten arazoa, eta Espainiako Gobernuarenean. Ez soilik teilatu horietan, ordea; ETA behartu zuten bere erantzukizuna azken muturreraino gordetzera; eta euskal instituzioak ere bai, urrats bat egitera. Erantzunak askotarikoak izan dira, positiboak gehienak: okerrik ezean, ETAk bere ardurari eutsiko diola ematen du; Espainiako eta Frantziako gobernuek egiten utziko dutela ematen du; eta euskal instituzioek bitartekari eta zubigile lanak egin dituzte.

Agertu dira lotu gabeko hariak, ordea, eta Jaurlaritzak begien bistan jarri ditu egunotan: Bilboko Metroaren hirugarren linea inauguratzeko ekitaldiari eutsi dio Urkulluk —aspaldi gordea zuen apirilaren 8a—, eta ez du Baionako ekitaldi publikoetan parte hartuko, nahiz eta artisauak saiatu diren ekitaldiak bateratuak izan zitezen. Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidenteak iragarri du Baionan izango dela, eta horrek, berriz, nabarmen utzi du Nafarroako Gobernuak Gasteizkoaren ildoari segitu diola, Barkos ere ez baita Baionan izango. Bai, ordea, Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria. Eta datu horrek erakusten du Iparraldeko eragileen artean jositako konfiantza sareak ez direla hedatu, ez oraindik behintzat, ez behar beste, Hegoaldeko eragileen artean. Erakusten du, era berean, Jaurlaritzak oihartzun mediatikoa apaldu nahi diela Baionako ekitaldi publikoei.

Urrats berriak egitea tokatuko da apirilaren 9tik aurrera. Badakite hori eragile guztiek. Kristian Herbolzheimer Conciliation Resources elkarteko kideak BERRIAn joan den astean azaldu zuen zer garrantzi izango duen, etorkizuneko urrats horientzat, armagabetzea gauzatzeko artikulatu den hirukoko eragile guztiak —gizarte zibila, instituzioak eta alderdi politikoak— «prozesuaren parte sentitzea eta eroso sentitzea». Baketzeak, izatekotan, euskal eragileen arteko adostasunak eskatuko ditu aurrena, Madrili eta Parisi exijitzekotan gero. Hegoaldeko ia alderdi eta sindikatu guztiek atzo Bilbon atera zuten argazkiaren bidea da. Baina lana hasi besterik ez da egin. Konfiantza asko daude ereiteko, eta errezelo gehiago desegiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.