Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Ikasgaia

2017ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Ez daukat ahazteko duela hainbat urte esan zidana. Bertsotarako gogoz banintzen, egiteko beldurrik gabe, nonahi eta noiznahi. Ez egoteko dei baten zain. Dena den, hartzeko gogoan gauza bat: hasteko ausardia duenak jakin behar duela noiz bukatu, noiz isildu. Askotan gogoratu naiz une harekin, geroztik.

Joan den udaberrian utzi zuen Xabier Amurizak bat-bateko jarduna, 75 urte bete berritan. Eta igandean, hasi eta buka, hari buruzko saioa ondu zuen Hitzetik Hortzera-ko lantaldeak. Andoni Egaña gidari, bizitzan mugarri izan dituen hainbat lekutara eraman gintuzten, fisikoki: eskolara, elizara, bertso eskolara, Baldako finaletara eta azken bertsoa eta gehiago kantatu zituen elkartera. Baina izan ginen, halaber, Zamorako kartzelan eta hango denbora hutsa betetzeko baliatu zituen lan emankorretan barrena, bertsolaritzak azken hamarkadetan gainditu dituen eta gainditzeko dituen auzi zaharkituetan eta, denboraren joanean, plazan eskaini dituen doinu gozoetan. Kantuan ohi duten gisan jardun baitziren hizketan Amuriza eta Egaña, gozo baina zorrotz, umil baina konbentzimenduz. Eta hemerotekako irudi eta bertsoekin eta solas benetakoarekin ohartu ginen pertsona batzuen bizitzak eta mugimendu batzuen ibilbideak arrasto bera uzten dutela, haiek dominak uxatzen dituzten arren. Ederra da hortaz jabetzea, beste behin, eta horrekin gozatzea ordubeteko tartean. Ederki borobildu zituzten programa eta Amurizaren erretiroa. Bertso saio ona balitz bezala, neurrian eta ase gabe, gehiagorako gogoz utzi ninduten.

Ikasgai bat transmititzeko modurik onena eredua izatea baita. Eta eredugarri diren horiek ezagutaraztea. Eta badira isildu diren eta ez diren gehiago ere, kontatzeko asko dutenak. Eta mereziko lukete halako emanaldi bat, hain zuzen ere, ikus-entzuleok adina. Izan bertsolaritzaren ingurukoak edo bestelakoak. Funtzionatzen du, gainera, formatuak. Hurbiltasuna eta ezagutza duen gidaria, urtetan fintasunez gorde eta sailkatutako irudi eta soinuak, umiltasuna, zehaztasuna eta kariño dosi handi bat. Nola ulertu bestela, zikloa ixteko saioan, protagonistak berak eskerrak ematen amaitzea batzuei eta besteei. Ez dugu ez inoren zain egon beharrik. Hasi egin behar dugu, kostata bada ere, eta isiltzeko unea iristen denean, isiltzen jakin. Igandean, adibide ona eman ziguten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.