gorka julio
IRLEN SAREA

Amesten

2015eko urriaren 31
00:00
Entzun
Amesten al dute androideek ardi elektrikoekin? Philip K. Dick-en eleberri labur horrek ?Blade Runner pelikula ezagunaren oinarri denak? eman dio izenburua azaroaren 12an egingo den Informatikari Euskaldunen Bilkurari. Gai nagusia robotika hartuta egingo du UEUkbi urtero egin izan ohi den informatikarien zita garrantzitsuena. Informatikarien bilkuraren informazioa ueu.eus webgunean lor dezakezue.

Bada zerbait ezberdina, bilkura horretan, bai eta UEUn bertan ere. Ez da unibertsitate akademiko soila, baina bada unibertsitatea ere. Ezaugarri bereziak dituen komunitate bat biltzen duen proiektu komun bat da. Izan dituen gorabehera handiekin ere, etorkizunean egunero birpentsatzeko tresna ere bihurtu da, elkargune eta topagune izateaz gain.

Azken asteotan, bere zuzendari Iñaki Alegriak Unibertsitate irekia euskaraz: berandu gabiltza artikulua idatzi du. Sareko unibertsitate ireki baten beharra azpimarratzen du bertan. Unibertsitate ezberdin bat, momentu ezberdin baterako; behar bat ikusten du Alegriak, eta beste askok behar horrekin bat egiten dugu.

Hezkuntza, zer, zertarako, nola? Teknologia tarteko edo gabe eztabaidan jarri behar dela diotenak gero eta gehiago dira. Horren adibide, egunkari honetan argitaratu den Hezkuntza eta eraldaketa soziala artikulua; sinatzaileek «Zertarako hezi nahi dugu, dagoena erreproduzitzeko edo eraldatzeko?», galdera egiten dute. Eztabaidan jarraitzeko, unibertsitateeraldaketa.wordpress.com jarri dute martxan.

Bi ikuspuntuak bat eginez, hezkuntzan eraldaketak behar direla pentsatzen dutenen masa kritiko bat badagoela ondoriozta daiteke. Teknologiak aldaketa eta eraldaketa horietan eragin positibo bat bilatzeko erabili beharko genukeela ere uste dut. Ez dago ezer birtualik, bi pentsamendu horietan biak dira oso erreal eta beharrezko.

Dickek bere nobelan margotzen zigun mundu distopikoak androide eta gizakien arteko arazo etikoez hausnartzeko balio zuen. Gaur egun, aldiz, arazo etikoak gizakiok gizakiokin ditugula uste dut. Aldaketaren beharra izan eta egiten ez dugunean, distopikoa ez den etorkizun bat irudikatu ezin dugunean; amesten al dugu gizakiok etorkizun hobe batekin?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.