IRLEN SAREA

Solarpunk

Gorka Julio -

2015eko abenduak 19
Etorkizuna nolakoa izango den pentsatzea gero eta zailagoa dirudi. Edozein hondamendi sinesgarriago egiten zaigu etorkizun positibo bat baino. Aldaketa klimatikoak, ekaitz solarrak, lurrikarak... fenomeno naturalez gain, gizakiak sortzen dituen arazo larriak, desorekak, gerrak... etorkizun distopikoetan pentsatzeko besterik ez dute balio. Telebistako serietan joera antzekoa izan da. Pertsonaia nagusiak zonbiak, banpiroak, eta egoerak katastrofikoak, apokaliptikoak edota guztiz beltzak dira.

Zientzia fikzioaren alorrean, beti aurrera begira egon izan denak ere ez du aukera gehiegirik eskaini. Cyberpunkak teknologiaren eta pribatutasunaren arteko mundu distopikoak marraztu zizkigun. Ondoren etorriko ziren Steampunk bezalako generoek nostalgia edo iraganean oinarritutako etorkizun paralelo faltsuak marraztu dituzte.

Aldiz, bada fenomeno berri bat zientzia fikzioan: Solarpunk. Genero berri honek, Cyberpunkaren ondorengo izenda badaiteke ere, etorkizun positibo bat markatzen digu. Energia berriztagarriak, komunitate lana, jasangarritasuna ditu oinarrian. Lan horietan agertzen den etorkizunean gizakiok era positiboan eragin dezakegu, ez soilik negatiboan.

Batetik, energia kudeaketa eta naturarekiko harremanetan eraikitako etxebizitzak ageri dira. Forma biologikoetan inspiratutako diseinuak, argiak, osasuntsuak. Beste alde batetik, punk hitza ere agertzen da: grina, errebeldia, ausardia, utopia... adie- razteko. Hayao Miyazakiren Castle In The Sky filma izan daiteke ikus-entzunezkoen alorrean joera honen erakusgarrietako bat.

Azken finean, genero honek eta sortzeko dauden beste joera batzuek ez-etorkizun baten aurrean esperantza proiektatzen dute. Behar beharrezkoak dira, hondamendiaren aurrean ezin delako ezer egin, egin edo ez iritsiko den zerbait baita.

Beti galdetu diot nire buruari zergatik sortzen den hain zientzia fikzio gutxi Euskal Herrian. Bideogintzan ulertzen dut, baina literaturan. Okerragoa da, pentsatzen jarrita, sormen lan gehienetan pesimismoa dela nagusi, eta ez zientzia fikzioan bakarrik.

Horregatik narratiba berri hauek guztiak gurean ere hedatu beharko genituzke. Teknologia oinarri hartuta, ikus-entzunezko, idatzizko, ahozko... tresna berriak sortu eta sortzaile berriei aukerak eskainiz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna