gorka julio
IRLEN SAREA

Birusa

2017ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Birus bat dabil munduan... beste izen bat, beste eraso global bat, azkena izango ez den zurrunbilo batean. Erasoak gehiago eta gogorragoak izango dira aurrerantzean, eta aukerazkotzat jotzen ziren segurtasun politikak, ezinbestekoak bihurtu dira. Hala ere, guztiak, birus hedatuago baten sintomak dira.

Teknologiarekin esperimentatu eta ikertu nahi zutenek horretarako guneak eraikitzen zituzten garaiak gogora ekarri nahi ditut. E-zine, aldizkari digital elektronikoak irakurri eta Interneteko albiste zerrenden bidez birusak egin eta segurtasun arazoak aztertzeko komunitateak zeuden garaiak. 29A birus faktoria mitikoaren garaiak, ezagutzen dituenarentzat.

Nonbait bidean, 1990eko hamarkadan aurrera, segurtasun informatikoaren mugimenduan, gerora haustura bat bezala ikusiko zena gertatu zen orduan. Ez da, baina, haustura programatiko bat, hau da, ez da eszisio bat egon zentzu hertsian. Ez dira, segurtasun komunitatearen inguruko hacker zintzoak eta gaiztoak agertzen; batzuek hori ere komertzialki erabili nahi izan bazuten ere, hacker etikoen figura sortuz, hacktibismoa aldarrikatzen hasten zenean. Haustura leku askotatik gertatu zen eta interes indibidualak eta egiten diren ekintzen motibazioetan nabaritzen da, dirua soilik bilatzen hasi baitziren asko. Merkatu berri bat jaio zen orduan, beste bat, birusak, segurtasun akatsak, erasorako tresnak... sortzen zituztenetako batzuk, euren zerbitzuak saltzen hasi zirenean. Sistemak merkatu berriak eskuratu behar ditu etengabe, eta hor ere, orain amatasun subrogatuarekin bezala, sartu zitzaigun barruraino.

Segurtasun teknologiko eta, zehatzago, birus sortzaileen alorra, merkaturik gabeko (edo arau bereziak zituena behintzat) espazio bat zena, etekin asmoa nagusi duen merkatu bihurtu da. Ezagutza elkartrukea nagusi zen lekuan, salerosketa hutsa orain, kasu askotan. Multinazional handien ankerkeriak salatzeko egiten ziren birusak orain, edozeinen eskura daude, txikienari ere dirua ateratzeko prestatuta.

Beti daude eta egongo dira, oinarrizko izaerarekin aurrera egingo dutenak, baina sistemaren logika bera ulertu behar da, arazoa ulertzeko. Gertatzen ari dena sintomak soilik dira, zerbait handiagoaren sintoma. Birusa, gaitza alegia, barruraino dugu sartuta eta ez da informatikoa.

.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.