Koronabirusa

Astebetean %87 ugaritu dira COVID-19 kasuak Hego Euskal Herrian

Jaurlaritzak neurriak zorroztuko ditu 400 kasutik gorako intzidentzia duten herrietan. Nafarroan COVID ziurtagiria ezartzea aztertzen ari dira

Donostiako Amara Berriko osasun zentroaren ataria. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
COVID-19aren transmisioaren kurbak goranzko bidea hartu du berriro Hego Euskal Herrian, eta adierazle ia denetan suma daiteke bilakaeraren okertzea. Azken astean, azaroaren 8tik 14ra, 3.507 positibo atzeman dituzte, joan den astean baino 1.631 kasu gehiago; hau da, %87 handitu da positibo kopurua astebetean. Positibo tasa ere joera okertu izanaren isla da: igandean, 5.480 test diagnostiko egin ziren Hego Euskal Herrian, eta horietatik 439k eman zuten positibo. Beraz,%8 da positibo tasa Hegoaldean.

Egoera bereziki kezkagarria da Gipuzkoan: astebetean 1.421 kasu atzeman dituzte, Hego Euskal Herriko kasu guztien %41. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia 309 kasukoa da lurralde horretan. Apalagoa da intzidentzia gainerako lurraldeetan: Nafarroan, 200 kasukoa da; Bizkaian, 121 positibokoa, eta Araban, berriz, 100 kasukoa.

Joera makurtzen ari dela ikusirik, Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du neurri murriztaileak berriro hartuko dituztela: intzidentzia metatua 400 kasutik gora duten udalerrietan zorroztuko ditu neurriak. Oraintxe bertan zortzi herri daude gorri: Gipuzkoan, Astigarraga, Azpeitia, Pasaia, Tolosa, Urretxu eta Zumarraga; Bizkaian, Elorrio, eta Araban, Agurain. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur iragarriko ditu prebentzio neurri berriak.

Nafarroan ere intzidentziaren igoerarekin kezkatuta dago foru gobernua, eta mahai gainean du gaueko aisialdian eta ostalaritzako establezimenduetan COVID ziurtagiria eskatzen hastea. Osasun agintariak aste honetan dira biltzekoak ostalaritzako sektorearekin, neurria aztertzeko. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzioek ere mahai gainean dute ziurtagiria ezartzeko aukera, baina oraindik ez dute erabakirik hartu. Asteburu honetan Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Eudeleko presidentea ziurtagiria eskatzearen alde agertu bada ere, atzo Iñigo Urkullu lehendakariak esan zuen Espainian «erabaki bateratua» behar dela neurri hori ezartzeko, eta, beraz, zaila dela Jaurlaritzak horrelako neurri bat hartzea, «estatu osoko erabaki bat» delako.

Ospitaleak, beteago

Intzidentziaren gorakada makurtu izana ospitaleetan ere hasi da nabaritzen. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako azken datuen arabera, 157 lagun daude gaitzak jota erietxean; horietako 38 larri daude, ZIU zainketa intentsiboetako unitatetan. Gainera, orotara, astebetean hamalau herritar hil dira gaitzak jota Hego Euskal Herrian, joan den astean baino bi gutxiago.

Ikastetxeen egoerari dagokionez, berriz, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du Ereñotzuko (Gipuzkoa) Txirrita eskola eta beste 35 ikasgela itxita daudela birusaren kariaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.