ENBAXADA BILA
Azpeitia
Asteazken honetan, Martxelo, Azpeitian ikusiko dugu elkar, Kataluniako independentzia prozesuari buruzko mahai inguru batean. Hain zuzen, besteak beste Gipuzkoako herri horretan egingo da, ekainaren 5ean, independentziari buruzko galdeketa. Uste dut Katalunian halako herri galdeketek izan zuten garrantziaren inguruan zentratuko dela eztabaida, eta aste hau ona da horretarako; izan ere, badirudi orduan sortutakoa lausotu daitekeela.
Independentziaren inguruko herri galdeketek hiru opari paregabe eman zizkioten nire belaunaldiari. Aurrenekoa, erakustea independentzia ez zela amets bat, proiektu bat baizik. Bigarrena, erakustea alderdi politikoek elkar hartzen dutenean herrialdeak aurrera egiten duela. Eta hirugarrena, eta garrantzitsuena, erakustea herriak agintzen duela. Estrategia eta proiektu guztiak herri mobilizazio handien ondorioz etorri ziren, inork ezin zielako kontra egin.
Hauexek dira guztiaren hiru gakoak: independentzia ez da amets bat; CDCk, ERCk eta CUPek, elkartuta, lortzeko modua egiten dute; eta herriak gobernatzen du. Hiru horietan bigarrena, zoritxarrez, arriskuan dago.
Aspaldi dago arriskuan; hala da. Gobernua osatzea oso zaila izan zen, CUPek arrazoizkoa zen baino gehiago tenkatu zuelako soka. Aurre egin zitzaion egoerari, baina orain oso garbiak dirudite ERC eta CDCren arteko tentsioek. Esquerrakoek beren ezaugarriak azpimarratzeari ekin diote, nabarmen, hauteskundeetan Convergenciari nagusitu nahian. Normala da hori; hauteskunde garaian egiten badute, ulertzekoa ere bada. Baina asko beldur gara harago egingo ote duen, eta atzera alderdikeria itsua gailenduko ote den, nahiz eta bazirudien herri galdeketek desagerrarazi egin zutela alderdikeria hori Kataluniako mapatik. Biltzar Nazional Katalanari ere eragin dio gatazkak, eta aste honetan, idazkaritza berria aukeratzean, salaketa larriak egin dizkiote. Seguru asteazkenean hitz egingo dugula horretaz ere...
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.