Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Ikasgaia

2017ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Gure herriko beste jende askok bezala, arreta handiz kasu egin nien Juan Jose Ibarretxek eta Artur Masek Kursaalean egindako hitzaldiei. Bikain aritu ziren hizlari, baina jakin ezazu harritu egin ninduela lehendakariaren TED estiloak. Pentsatzen dut zuen herrialdean ohituagoak egongo zaretela, baina nik ez nuen ikusia hura halako estilo amerikarrean arituz. Ezinago adierazgarria izan zen alpinistaren metafora: Everesterainoko jauzi horretan, Euskadi bigarren kanpalekuan geratu zelakoa, eta, handik, hirugarren kanpalekura egin dugulakoa orain Katalunian, eta hortxe gaudela erabaki behar dugula orain ea gailurrera joko dugun, edoKatmandura itzuliko garen.

Horri buruz, hain zuzen, pasarte bitxi bat kontatuko dizut, esanguratsua iruditzen baitzait orain. Ibarretxeren planak Madrilgo Parlamentuarekin behaztopa egin eta gutxira, hauteskundeak izan genituen Katalunian, eta hautagai guztiak elkarrizketatu nituen; besteak beste, Mas. Eta Masek esan zidan kontu batek ederki erakutsiko liguke gaur, hain zuzen ere, Euskadik eraman gintuela lehen kanpaleku hartara.

Elkarrizketako zati batean, Ibarretxeren planaz aritu ginen, eta Kataluniak izan zitzakeen xede nazionalez, zeintzuen artean orduan ez baitzegoen —haren ustez— inolako independentzia asmorik. Esan zidan ezen kontzertu ekonomiko baterantz jo behar zela, eta, ezinbestean, euskaldunen kontzertu biak aipatu zizkidan, eta, horretaz ari zitzaidala, esaldi iragarle bat bota zidan Ibarretxeren planaz. Esan zidan gauza bat argi ikasia zuela: ez zirela zertan izan Madrilgoak botoa ematen azkenak, baizik eta katalanak berak.

Elkarrizketa hura askotan etorri zait gogora, eta berari ere behin baino gehiagotan gogorarazi izan diot. Hain zuzen, geu izatea botoa ematen azkenak, horixe da egungo egoeraren giltzarrietako bat. Eta horixe bera bigarren kanpalekura iritsitakoan Ibarretxe lehendakariak irakatsi zigun ikasgaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.