Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Ezezkoa

2017ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Aste honek funtsezko erritmo aldaketa bat ezarri du Kataluniako independentzia prozesuan. Mariano Rajoyk ezezko biribila eman dio Puigdemont presidenteak idatzitako gutun ofizialari, eta horrek bidea garbi utzi dio Generalitateari autodeterminazioari buruzko erreferenduma antolatzeko; beranduenera, urriaren 1erako. Madrilen konferentzia bat egin zuten Puigdemontek, Junquerasek eta Romevak. Ekitaldi soil bat izan zen. Ezinago gogor erantzun zioten Madrildik, eta ez batere zuhur. Ezetz erantzun zioten, Kataluniako presidentearen gutun ofizialari, non negoziaziora deitzen baitzuen Espainiako Gobernua.

Rajoyren ezezkoa ez zen harritzekoa izan; bai, ordea, presa eta forma. Erantzuna laster iritsi zen Palaura, eta Rajoyk berak ere Twiterreko bere kontuan jarri zuen. Ezezko biribila. Ñabardurarik gabekoa.

Hala, bada, orain mahai gainean daude kartak. Madrilgo konferentzian, Kataluniako Gobernuak behin eta berriro esan zuen ez zirela joango Madrilera baimen eske; beraiei buruzko azalpenak ematera baino ez zihoazela. Eta horrexegatik, hain zuzen, zera erantzun diote Espainiako Kongresura joateko proposamenari: aurrez itun bat egiten badute baino ez direla joango Madrilera; aurretiazko itun hori, berriz, konstituzioa erreformatzeko izango da, hala erreferenduma egitea zilegi izan dadin, eta, argi eta garbi, PPren botoen babesa izan beharko du. Ez zuen hala adierazi Puigdemontek, baina hala aditzera eman zuen: hari ez diotela egingo Ibarretxe presidenteari egin zioten segadarik. Ordudanik dugu ikasia lezioa.

Uste izatekoa da, beraz, aurki jakingo dugula erreferendum eguna, eta abian jarriko dela kontsulta egin ahal izateko lege prozesua. Kontuan izan beharrik gabe ere Madrilek zer esango duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.