Kuotak

2017ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Hou Yifanen kasketa artikuluaren harira, Mikel Larreategi Aranak xakearen munduaren izenean erantzun dit, nabarmentzeko bikoteak hautatzeko sistemak «nola funtzionatzen duen» eta jokalari batzuk ez dituela «nahita gaizki tratatzen». Idatzitakoarekin ez nuen esan nahi, inola ere, sistema bidegabea zenik edota Yifanen kasuan azpijokoa egon zenik ere. Esan nuena eta esan nahi nuena zen profanooi ez zaigula argi geratzen sistemak sailkapen orokorrean duen eragina zein den, nahiz eta bere artikulua aldez aurretik irakurrita eduki. Ulertu genuen, nik gutxienez, sistemak antzeko rating-ak dituzten jokalariak parekatzen dituela. Eta ulertu genuen, baita ere, beste zenbait blog sarrera eta webgune ofizial irakurrita, puntuak lortzeko aukera lehiakideen arteko rating desberdintasunaren mende dagoela. Hau da, zuk baino rating altuagoa duen jokalari baten kontra irabaztekotan puntu gehiago lor dezakezu zuk baino baxuagoa duenaren kontra irabaztekotan baino. Beraz, Hou Yifan, ELO puntuaziorik handiena duen emakumea izanda, puntuak gehitu ahal izateko aukera gutxiago edukiko du emakumeen kontra jokatzean gizonen kontra jokatzean baino, horien artean 104k hark baino rating altuagoa dutela kontuan hartuta. Gibraltar Torneoari begira, Hou Yifanek berak baino rating altuagoa zeukan jokalari bakarraren kontra jokatu zuen, Michael Adamsen kontra, 5. txandan, hain zuzen ere. Yifanen rating berbera duen gizonezko baten aurkariak ikusita, Anton Guijarrorenak alegia, Antonek berak baino rating altuagoa duten jokalarien kontra bost aldiz jokatu zuela konturatzen gara. Pentsatzen dut hori guztia torneoaren eskaileraren kontua izango dela, baina inork ez du zehazki azaldu zertan datzan. Beraz, adierazi nahi nuen gauza bakarra zen txinatarrak, ranking orokorrean igotzeko xedea edukita, hainbeste emakumerekin parekatu izana freno bat bezala ulertu ahal izango zuela. Eta hori, kasketa hutsa, edo Ainhoa Azurmendik aipatutako QueenBeeren sindromea baino zerbait gehiago izango zen.

Mikel Larreategi Aranak bere artikuluan aztertu nahi ez duena da nik agerian utzi nahi nuen dilema: emakumeen ikusezintasuna. Ez du komentatu ere egin nahi izan hori aldatzeko nik ikusten dudan irtenbide bakarra: kirolean ere, beste hainbat arlotan bezalaxe, kuotak ezartzea.

Horren harira, Vanesa Fernandez Guerra lankidearekin eztabaidatzeko aprobetxatuko dut, joan den astean argitaratutako artikulu bateanzalantzan jartzen baitzituen diskriminazio positiboaren onurak. Izan ere, Fernandez Guerrak harridura erakusten zuen zine ekoizleek argi eta garbi esaten zutelako hemendik aurrera lantaldeak osatzeko emakume gehiago kontratatuko zutela laguntza publikoak lortu ahal izateko. Haren hitzetan: «Emakume zinemagileek diskriminazio positiboa urgentziaz indartzea aldarrikatzen dute. Ez nago neurri horren kontra, baina kontuz ibili behar dugu kontu horrekin, askotan gure kontra ere joka dezake eta. Badakit hori aipatzean feministak, postfeministak, neofeministak (edo dena delakoak garela) haserretu ahal direla, baina, neure aburuz, hain sakona den zauriari tirita bat ipintzea baino ez da. Diskriminazio positibo hori egiteko, batik bat, diru laguntza publikoetan puntuazio gehiago izatea aldarrikatzen dute, eta ez nago horren kontra, jakina, baina ekoizleek (gizonezkoak kasu gehienetan) oso arin ikasi dute euren ekipo tekniko-artistikoetan emakume asko sartzea komeni dela puntu horiek lortzeko».

Baina, kasu honetan, diskriminazio positiboa, nik ulertzen dudan moduan gutxienez, horretarakoxe da: zine ekoizleek (berdin zait emakumeak zein gizonak izan) emakume gehiago kontrata ditzaten. Eta hori bermatzeko, hain zuzen, puntu gehiago ematen zaizkie. Ez dakit zein zentzutanjoka dezakeen horrek gure kontra, guztiz gutxietsita gauden sektore batean leku gehiago lortzen badugu. Eta gero gerokoak.

Fernandez Guerrak berak Anna Serner Suediako Zine Institutuko zuzendariaren genero berdintasuna lortzeko arrakasta aipatzen du. Alabaina, bost urtean panorama guztiz aldatzea ez da hezkuntzaren bidez lortzen, bakar-bakarrik kuoten bidez baizik. Eta jakin badakigu Suediako testuingurua ezberdina dela. Han emakume asko daude boterean, diskriminazio positiboaren politika urtetan zehar tinko jarraitu eta bete dutelako. Eta hori lortu dute, batez ere, instituzioetan erabakiak hartzen dituztenek ez dutelako zalantzan jartzen funtzionatzen duen politika feminista bakarra berdintasunaren feminismoaren politika dela. Hau da, kuotak ezartzearena.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.