Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia 72

Publizitatea

Iritzia

72

 

2017-05-09 / Juanjo Respaldiza - Bertso irakaslea

Dela plazako saioan, dela txapelketakoan, berariazko estrategiak erabiltzen ditu antolatzaileak bertsolariak eman lezakeenetik ahalik eta gehiena eman dezan. Ariketa esperimentalagoak batzuetan, ortodoxoagoak bestetzuetan, baina saioa erakargarria izan dadin egiten da ahalegina.

Txapelketan, bertsolaria ondo kargatuta etortzen da lehiara, ideiaz, errimaz, doinuz eta neurriz, eta antolatzailea saiatzen da ariketen bidez zukutzen prestakuntza sakon hori. Hala, zortziko eta hamarreko handiez eta txikiez gainera, eskatzen zaie bertsolariei puntua emanda kantatzea, puntuka egitea, koplatan edo bertso erdika egitea, eta Iparragirre, Mainontzi eta bederatziko motza erabiliz ere kantarazten zaie. Txapelketa bakoitzak dakar beretxoa.

Bada ariketa bat, hala ere, azkenaldi luzeko txapelketetan aldaezin dirauena. Nahi duzun doinuan eta neurrian, hiru bertso, bakarka. Zeuk nahi duzun doinuan eta neurrian. Libre. Libertatea gauza ederra da... gauza ederra denez libertatea, ba, bertsolariak luze egitea erabaki du. Denek egin dute luze. Arraroa libertate hau. Puntu bat, beste bat, beste bat, zortzi punturaino. Askotan, puntuek puntuatzen dutelakoan egiten dute, bertsolari gazteek batez ere, edo ez dutelakoan despuntuatzen behintzat. Publikoak eta epaileek eskasagotzat hartuko dutelakoan neurri laburragoa, bertso guztiak 0tik 10era puntuatzen direla sinistu ezinda seguruenik.

Merezi luke bakarkakoari astinalditxo bat emateko saiakera egitea: hiru bertso, zortziko handian. Lurrikara txiki bat: beste bertsokera bat, beste planteamendu bat, denboraren beste gestio bat, beste bizkortasun bat, beste bertigo bat. Doinua zeuk aukeratu, zortziko handian, hiru bertso. Eta ez dugu hamarrekoan esan, apropos esan dugu zortzikoan, hamarrekoa ez baita zortzikoa gehi puntu bat, hori baino gehiago da hamarrekoa. Zortzikoan, beraz.

Azken hiru hamarkadetan haizeak eraman duen hori berritasuna litzateke gaur egun. Sebastian Lizasok txapela irabazteko egin zuena 1986an. Xalbadorrek, txapelik inoiz jantzi ez arren, historiarako bertsoak uzteko egin zuena 60ko hamarkadan. Txirritak gehien erabili zuen neurria. Ez puntu bat gehiago ez bat gutxiago behar duten bertsoak, lau puntukoak, zirt edo zartekoak. Nobelena ez ezik, ipuinen eta mikroipuinen gozoa literaturan gozatzen dugunean legez.

Eta gustatzen zaizkigu nobelak, horratio! Bertsolari batek bete-bete daroanean bertsoa. Eta bota, eta bota. Eta esan, eta esan. Hitzen lihoa irun, osatu, jantzi, iradoki, eman eta gorde. Oso gora heldu dira bertsolariak horretan. Inoiz, ostera, gertatzen da bertsolaria amaierara heldu gurarik eta entzulea amaierara heldu ezinik egotea. Bakarkakotik ezkutatu baitira zortzikoak, ez bertsolaritzatik, eta ariketa molde bakarrekoegia da bakarkakoa txapelketetan. Gaur egun beste era batera planteatzen da bakarkako gaia, esan dit batek baino gehiagok. Egia da, beste era batera, eta lan oso handia ezartzen zaio bertsolariari, eta lan itzela hartzen du bertsolariak. Eskertzekoa, ahalegina. Baina ez ote da hobea bertsolariarentzat, eta bertsolaritzarentzat ere, molde bakarrean jarduteko ez ezik, bakarkakoak eman dezala aukera bertsokera bat baino gehiago agertzeko?

Neurrien arteko orekak ere egin daitezke, txapelketak edo saioak aukera ematen duenean. Final baten, esaterako, bakarka birritan egin behar badu bertsolariak, batean eginarazi dakioke labur eta bestean libre utzi. Edo finalaurreko bi jokatu behar dituenean bertsolari berak, batean luzean eragin eta bestean laburrean. Frontoi luzean eta lau t'erdian, bietan eder. Eta komentarioak egingo genituzke: hara, honek bai gaitasuna esan beharrekoa lau puntura ekartzeko; beste hau historiak eraikitzen trebea da, gero. Aukera gehiago entzuleentzat, aukera gehiago bertsolarientzat. Bidea zabaldu, bakarka ere baliabide diferenteak erakuts ditzan bertsolariak. Berez ez badu horretara jotzen, berariaz eskatzea ez da oker handia izango. Akordatzen zarete 1980ko hamarkadako txapelketa batzuetan 6 puntu edo gehiagoko bertsoak eskatu egiten zirela bakarkako lanean? Aldatuta daude gauzak ordurik hona.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak