Paul Beitia Ariznabarreta.
GAUR GERO

Galernarena

2017ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Herrian ez zen beste konturik aditzen goizean goizetik, den-denek garbi zeukaten: galerna zetorren. B-k esnatu eta mugikorra begiratu zuen bezain laster jakin zuen gertakari meteorologikoaren berri (pare bat Whatsapp taldetan irakurri zituen «eguerdiko hirurak aldera sartuko omen da» eta «hala esan dute» modukoak), baina, goizak bere bidea egin ahala, are argiago ikusi zuen planak moldatu beharra izango zituela nahitaez, eguraldiak ez ziola lagako goiz hartan egin nahi zuena egiten. Bart gauean, izan ere, hondartzara joan zitekeela pentsatu zuen, astelehen goiza izaki, ez baitzen igande arratsaldeetako jendetza izango, baina lagunek etxean geratuko zirela esan zioten, ekaitza ateraz gero ez zela kalean egoterik izango-eta.

Egia esateko, goiz epela eta eguzkitsua zen, giro zoragarria zegoen itsasora joateko, eta eguraldiaren iragarpenari jaramon handirik ez egitea ere pasa zitzaion B-ri burutik. Etxekoei ere hala esan zien, bainutxo bat hartzera joango zela segur aski, ez zeukala egunak galerna sartuko zuen itxura handirik. Etxekoek, ordea, ezetz, ea nola joango zen hondartzara, ea zer kristo egin behar zuen galernak uretan harrapatuz gero. Arrazoirik ez zitzaiela falta pentsatu zuen B-k.

Bazkalorduan oraindik ere eguzkitsu zegoen giroa, eta galerna arratsaldean sartuko zela bururatu zitzaion B-ri, iluntzeko zazpiak aldean-edo, ohikoena zen bezala. Lehenago bizi izan zituen udako ekaitzak etorri zitzaizkion burura. Galernak ere bazeukan bere xarma. Herriaren ordena hankaz gora jartzen zuen, sentipen apokaliptiko bat sorrarazten zuen jendearengan. Hodei urdin ilunak sartzen ziren lehenbizi, bizkortasun harrigarri batean, eta haizea altxatzen zen gero. Hondarra alderik alde mugitzen hasten zen, jendearen begietara sartzen, arropa azpietara, eta haizea, aldiz, toallak eramaten aurrena, eta terrazetako aulki-mahaiak ere bai gero. Lehen euri-tantak sumatzeaz batera hasten zen bainularien exodoa, denak hondartzako gauzak hala moduz bilduta, lastozko txapela beherantz eusten haizeak eraman ez dezan, denak halako larritasun deskribaezin batekin.

Egun hartan, ordea, ez zen galernarik izan. Ilundu zuen, eta herriraino helduko ez ziren tximistei begira zegoen B. Ez zen ez haize zakarrik, ez euri-tantarik ere izan, eta aspaldi izan zuen galera-sentsazio handiena sortu zitzaion: galernaren anabasa ikusteko aukera galdu zuen, baina baita eguzki-egun eder bat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.