Ana Jaka
BIDAIA TXIKIA

Hegazkinean

2014ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Gutako bakoitzak du bakardadea irudikatzeko eszena bat. Nirea, zalantzarik gabe, hegazkin batean bakarrik bidaiatzen duen pertsona bat da. Nahiz eta ikusiak ditudan hegazkin-saldoaren zirkulazioaren bideoak (denetarik aurki daiteke gaur egun Youtuben) eta jakinda errepideak bezala daudela zeruan, ilarak eta guzti. Baina horrelakoak dira fantasiaren irudiak, ez dakigu noizko pertzepzioak iltzatuta gelditzen dira eta, ondoren, bere kabuz gorpuzten, aspaldian ikusi gabeko lagunen aurpegiak bezala, errealitatetik gero eta urrunago. Niretzat, hegazkineko pertsonaia bakartia koordenaturik gabeko gizakia da, denbora eta espaziotik kanpo, bidaian, puntu batetik bestera dagoen biderik gabeko hutsunean. Bera da irteerako aireportuan eta helduerakoan, munduarekin konektatuta dagoenean, nolabait esateko, baina, bitartean, erreferenterik gabe bakartasunari aurre egiten dion izakia besterik ez.

Irudia lagun-ohi bati zor diot. Bai, lagunak ere ohi bihur daitezke. Kasu honetan, irudia eta ohi bihurtzea, biak batera gertatu ziren, horrela: bere mezu bat jaso nuen Facebooken bidez. Unibertsitate-kideak izan ginen, baina urteak ziren elkarren berri izan gabe, eta, hasteko, adarra jotzen hasi zen, nire profilaren gaineko iruzkin desatseginak egiten. Tipo hau ez dago burutik sano, pentsatu nuen, kasurik ez. Hurrengo esaldiek egiaztatu zuten: hegazkinean bakarrik aurkitzen omen zuen bakea, «mundutik milaka metrora». Eta orduan irudikatu nuen: tipo bat, munduaren kontra, bere gorrotoa sarean aurkitu zuen izen ezagun bati botaka. Ez nion erantzun, eta beste mezu bat iritsi zen, askoz ere oldarkorragoa. Min egin zidan, azken finean, nire laguna izandakoa zen, baina norzen orain? Ez zen jada nik ezagututakoa, sareak berriro hasteko aukera eman arren. Hain ezberdinak ziruditen berak eta biok jarraitutako bideek... Eta mina eman zidan, baita ere, atea itxi beharrak. Nire bila ari zen baina, tentazioa izan arren, ez nion erantzun. Eta pentsatu nuen nire minak, berearen aldean, txikia behar zuela.

Orain, hegazkinek konektatuak egoteko aukera ematen digutela, lagun-ohi hau etortzen zait burura. Nora joan beharko du besteen behar handia duela ahazteko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.