Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Jazarpena

2017ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Pentsa ezazu, momentu batez, lagun batzuekin hiru edo lau trago hartzera atera zarela, eta tranbian itzuli zaretela etxera. Han zoaz zu lagunekin hizketan inguruan inor zuri adi dagoela ohartu gabe. Utzi dute lagunek tranbia euren geltokian, eta zeure munduan murgildu zara. Zeure gauzak daramatzazu buruan, besterik ez. Baina badago tranbian norbait, bere buruan zure gauza horiek irudikatu dituena. Bere mundua txiki gelditu nonbait, eta, zurea ikusi nahian doa zuri begira-begira. Ez da zuri ezer galdetzera ausartu, baina berak nahi izan duen pelikula egin du zuri buruz. Inork ez dio kontatu, baina badaki gaizki pasatu duzula lagunekin, eta bere buruari onartu egin dio zuri ondo pasarazteko gaitasuna. Zure zorionerako, ez zaizu ondoan jesarri gaua alaitu nahian, baina buruan iltzatuta gelditu zaio zure aurpegia, eta sinistu egin du zuri buruz pentsatu duen guztia. Nola berak uste duen bera dela zoriontsu izateko falta zaizuna, herri guztian kartelak jarri ditu dei deizaiozula eskatuz. Mundu guztiari azaldu dio tranbian maitemindu egin zela neska oso polit batez. Jantzita zer zeneraman ere hormetan idatzita agertzen da. Asko izan daitezke deskribapena betetzen dutenak, baina neska misteriotsua zein geltokitan jaitsi zen irakurri duzunean, argi gelditu zaizu zutaz ari dela. Larritu egin zara, eta estutasunak arnasa moztu dizu jendea erromantizismoaz berbetan entzun duzunean. Zu jazarria sentitzen zara; akosatua. Munduari oihu egin nahi diozu ez zenuela gaizki pasatu lagunekin, ez duzula tranbian ikusitako inor gogoratzen eta uzteko bakean. Baina hori esaten baduzu, jendeak jakin egingo du zutaz ari direla hormetako afixak, eta, mutilari ez badiozu, deitzen bordea izango zara, eta deitzen badiozu erraza. Eta, bai, arrazoia daukazu: erromantizismoa eta akosoa bereizten ez dakien mundu matxista zikin batean bizi gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.