Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Erregeordetza

2017ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Dena ikaragarriagoa zirudien garai hartan, helduen munduan sartzen ari ginelako ere bai, gogoan dut Azkoitian Erretserba Orokorreko Konpainiako poliziak ikusi genituen aurreneko aldia. Lerdokeria dirudi gaur egunetik: aurrean zuten guztia txikitzera heldu ziren Valladolidetik, eta hala egin zuten, zer zela eta, eta alkateen taldeko batzar irekia zelako udaletxean Kontzertu Ekonomikoa eskatzeko. Espainiako Konstituzioaren aurreko urteak ziren.

Kontzertua lortzea, garaipen handitzat hartu zen. Bestela esanda, estatuak makurtu egin behar izan zuen, ez zuen beste erremediorik izan historiaren zuloan sustraitzen ziren gure usadioak onartzea baino. Ez alferrik bizi ginen Truebaren eta Arakistainen kondairetan, Europako hizkuntza zaharrena zen gurea, eta kasu!, gure esku zegoen pase forala praktikara eramatea. Alegia, edozein unetan bota genezakeen atzera, itxuraz, gustuko ez genuen lege arrotza. Geure mitoak geuk sinestuta, paparra puzten erakutsi ziguten.

Espainiako erregearekin ituna genuela, begi-bistakoa zen. Horrexegatik dugu Realez betea gure historia, berdin da kirolean, hizkuntza akademietan zein adiskide elkarteetan. Maria Cristina, Victoria Eugenia eta datorrela baten bat kentzera. Eta hala pasatu da politika bera ulertzeko era hau gure mintzora ere. Errepublika, espainola izan da beti, eta euskal kolorea ematekotan, eibartarrena; forala izan da gure egituraketa, eta forala, beraz, gure identitate exotikoa.

Eta hala heldu gara historiaren karrefur honetara. Errepublika Katalana Erregeen Arzakeneko bazkaria bera baino arrotzagoa zaigu, deus gutxi dugu tradizio moderno, zibil, laiko horretatik birreinato honetan. Eta behar ere ez. Izenak izen, ez al gara azken batean matoi baten hegalpean eroso eta alazo bizi den sasiestatu bat, geure kontzertu ekonomiko, polizia jator, ikur eder, hizkuntza sinboliko, jende satisfetxo eta guzti?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.