Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Ereserkia

2017ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Irudi hunkigarria izan da aste honetakoa: Kataluniako parlamentua zutik Els Segadors kantatzen erreferendum legea onartuta. Eta gu hemen, Euskal Herrian, elkarrekin kantatzeko ereserkirik gabe.

Nafarroako Gorteetakoak ez digu balio. Nafarroa gizon askeen lurraldea dela dio ereserkiak, eta behin honezkero, zerbait ulertu badugu, hori da emakumeok ere askeak izateko eskubidea eta betebeharra ditugula. Zer esan Eusko Abendaren Ereserkiari buruz. Gehienok Gora ta Gora deitzen diogu, baina Sabinok euskal arrazaren himnoa izateko idatzi zuen. Onartuko didazue erridikulu puntu bat daukala gaur egun arrazari kantatzeak, eta horri Iparragirreren Gernikako Arbola gehituko bagenio, zer esanik ez. Jaungoikoak Gernikan jarritako haritz bati eta haren azpian sinatutako lege zaharrari kantatzen dion arraza bat aldarrikatzeak ez gaitu euskaldunak batuko. Sinboloak ondo daude, baina herri oso baten ereserkiak herritarrak identifikatuta senti daitezen lortu behar du.

Txoria txori proposatu du jendeak sare sozialetan. Ez dakit. Ederra bada, baina hainbeste kantatu dugu zertarako kantatzen dugun begiratu ere egin gabe... Lepoan hartu ta segi aurrera zein Telesforo Monzonek idatzi zituenek ere ez dute ereserki izateko balio. Epikoegiak izateaz gain, gizonak eta mutilak baino ez ditu aipatzen askatasunaren bidean. Eusko Gudariek, berriz, aspaldi utzi zioten odola Euskadiri emateko gertu izateari. Egungoak gehiago ikusten ditut nik euren hipoteka nola ordaindu kalkulatzen.

Pentsatu eta pentsatu, konturatu naiz, orain arte herriari egindako kantu batek ere ez digula balio ereserkitzat: bat bera ere ez baitago benetan herriari egina. Guztiak daude herriaren zati geografiko, sexu, ideologia edo garai bati bakarrik eginak. Eta geure herrian libreak izan nahi badugu, ereserkia bezain gauza sinpleak ere, herria garela sinetsiz egin beharko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.