Fagor Etxetresnak. Jabe berria

KRONOLOGIA

2014ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Fagor Etxetresnen azken hilabeteetako ibilbideak mugarri jakin batzuk izan ditu. Haiek markatu dute konkurtsorako bidea aurrena, eta likidazio eta adjudikaziorako bidea gero.

Konkurtsorako bidean

2008ko apirila. Lur azpian zerbait mugitzen ari zelako lehen seinale argia eman zuten 2008ko emaitzek. Aurreko urtea 13 milioi euroren irabazi garbiekin amaitu zuen taldeak, eta, urtebete geroago, irabaziak desagertu egin ziren kasik, 121.000 euroren mozkinak aurkeztu baitziren.

2012ko apirila. 2009an galerak izan zituen Fagorrek: kasik 20 milioiko zuloa. Hurrengo urtean, 9,87 milioi galdu zituen, eta, 2011n, 25,7 milioi euro. Enpresaren arduradunak neurriak hartzen hasiak ziren, bazkideen oniritziarekin: soldata jaitsierak, desinbertsioak, bideragarritasun plan berriak, Mondragonek emandako maileguak...

2013ko apirila. 2012an, 89 milioiko galera izan zuen, eta %9 egin zuen atzera fakturazioak (1.167 milioi). Erreskaterik gabe ez zegoen aurrera egiterik. Mondragonek zuen erantzuna berriro halakorik bazen. Gisasola Mondragoneko presidente zen jadanik, eta Sergio Treviño Fagorreko gidaritzan ari zen.

2013ko maiatza. Mondragonek Fagorrentzat 70 milioi euroko mailegu bat onartu zuen urteko kongresuan. Talde osoak estutu zuen gerrikoa; gainera, Fagorreko langile-bazkideek soldata %6,48 jaistea onartu zuten.

2013ko urriaren 15a. Enpresak 60,4 milioi euroren galera izan zuen ekainera arte, iazko epe bereko galera (20,3 milioi) halako hiru, eta negozio kopuruak %19 egin zuen behera, 609 milioi eurotik 491 milioira. Mondragonen 70 milioiak eta Jaurlaritzak emandako beste 40 galdu egin ziren saio antzu batean. Fagorrek ez zuen asmatu merkatuarekin zituen arazoak gainditzen, eta zorra 860 milioikoa zen; 980 milioi, taldearen barruko zorra ere zenbatuz gero.

2013ko urriaren 30a. BERRIAk zabaldu zuen albistea: Mondragonek berriro aztertu zuen laguntza ematea, baina ezezkoa berretsi zuen, Jaurlaritzaren presio handiari aurre eginda.

2013ko urriaren 31. Finantzaketa ezin lortuta, konkurtso legera halabeharrez jo beharrean geratu zen kooperatiba, betiko desagertzeko arriskuarekin. Diru gehiagorekin ez laguntzeko erabakia aho batez hartu zuen Mondragonek. Poloniako adarra (Fagor Mastercook) izan zen lehena konkurtsoan sartzen.

Likidaziorako bidean

2013ko azaroaren 6a. Dena erori aurretik zerbait egiterik bazen jakiteko, bilera bat egin zuten erakundeetako ordezkariek, eta Mondragon eta Fagorreko arduradunek. «Konkurtsora goaz» izan zen erantzuna.

2013ko azaroaren 7a. Nanterreko Merkataritza Auzitegiak emandako ebazpenarekin, FagorBrandt ordainketak eteteko prozesuan sartu zen.

2013ko azaroaren 14a. Arrasateko kooperatibak konkurtsora jo zuen, egoera ekonomiko eutsiezinak bultzatuta eta konkurtso aurrean finantzaketa aurkitzeko saioak porrot egin ondoren. Mende erdi baino gehiagoko ibilbidea eten eta zorrak kitatzeko garaia abiatu zen. Pedro Malagon Donostiako Merkataritza Epaitegiko titularrari eraman zizkioten handik egun batzuetara Edesa, Grumal eta Proiek, Fagor Etxetresnen beste atalak.

2014ko apirilaren 11. Malagonek baimendu egin zuen Cevitalek Fagor Ireland Frantziako marken gordailua erostea, 25 milioiren truke. Konkurtsoak eman zuen lehen dirua izan zen.

2014ko apirilaren 16a. Cevitalek FagorBrandteko lantoki gehienak erosi zituen, eta jarduera martxan jarri handik aste batzuetara.

2014ko uztailaren 17a. Cevital eta Cata nor baino nor gehiago ari dira azken asteetan, eta euren lehen eskaintza hobetzeko epearen barruan hobekuntzak aurkeztu zituzten: Cevitalek 23 milioi euro eta 350 enplegu eskaini zituen, eta Catak, 21,3 milioi eta 500 enplegu.

2014ko uztailaren 22a. Azken eskaintza egiteko eguna. Gutun-azalak zabaldu, eta ezustea Donostiako epaitegian: Catak enkantea lehertu zuen, 42,5 milioi eta 705 enpleguren eskaintzarekin. Cevital 28 milioi eta 500 enplegutan geratu da.

2014ko uztailaren 29a. Pedro Malagon epaileak, administratzaileen iritziari jarraituz, Cataren alde egin du Fagor Etxetresnen aktibo gehienen adjudikazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.