maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Botereaz

2017ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
«Nola liteke hainbeste gizakik (...) tirano bakar bat jasatea, daukan boterea haiek emana baita, haren min egiteko ahalmena haiek jasan dezaketen neurrikoa baino ez baita, eta hark ez bailiezaieke inolako kalterik egin baldin eta nahiago ez balute hura jasatea hari kontra egitea baino?». Galdera interesgarria bota zuen Etienne de la Boetie legelari eta idazle frantsesak XVI.mendean idatzitako Borondatezko morrontzari buruzko mintzaldia testuan. Ez da atzo gauekoa, baina hitz batzuen erabilera gorabehera, gaurkotasun handia du. Mila gizakik agintari bakar bati zergatik obeditzen dioten azaltzen saiatzen da, eta, morrontzaz ez ezik, botereak dituen mekanismoez mintzo da, finean. Haren ustez, beldurragatik baino, ohituragatik, distrakzioagatik, eta guk ere botere kuota txikiak nahi ditugulako egiten diogu men gure gainetik dagoenari.

Kontu korapilatsua da boterearena. Boterea izan daiteke, adibidez, Emmanuel Macron Frantziako presidente berriak —bitxia ere egiten da hala deitzea— eskuratu berri duena. Bertze batzuek erranen dute ezetz: Angela Merkel egonen dela bere gainetik, ala finantza munduko esku ikusezin horietako bat.

Baina, gurera etorrita, boterea izan daiteke 580 emakume Berriozarko ikastetxe batean, zer eta botereaz eztabaidatzen, eta guztiz bertzelako forma batean. Ekarpenak eginez gazteen ikuspegitik, zaintzatik, antikolonialismotik... Interesgarria, adibidez, Riosby Fernandezek eta Silvia Rugamasek egindako hitzartzea: «Etxeko langileok gara Euskal Herriaren garapen industrialaren oinarria. Hemengo zaintza lanetan dauden gabeziak gu kontratatuz estaltzen dira». Boterea badugu, beraz; nola erabili da kontua. Formula magikorik ez baldin badago ere, hordagoa botatzen du De la Boetiek. Tirano jartzen duen lekuan irakur ezazue patriarkatua: «Erabaki ezazue ez hura gehiago zerbitzatzea, eta libre izango zarete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.