Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Plas!

2015eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Telebista publikoan kalitatezko saioak ez ditugu sobera». Bel Air-eko Fresh Prince-ren bostekoa eman dakioke Galarragari baieztapenagatik. Arrazoia bikoitza da. Batetik, atzoko hitzokin irmoki bat egiten dudalako. Bestetik, Katalunian lehia gogorra daukan arren, titulugintza duinki eta trebeki lantzen jarraitzen duelako. Plas!

Ziur aski jatorri anitzeko beste hainbat Plas! banatuko ditu euskal telebistako aginteak. Batetik, agur esan beharko duten programentzako zartakoak—edo agian zartako bakarra izango da, auskalo. Izan ere, gure telebistak ez baitu ohiturarik ofizialki adierazteko emankizun zerrendatik supituki kentzen dituen programen izenak—. Eta bestetik, gure euskal telebista —maitea izaten jarraitzen al du?— morboaren bila reality saioak emate soilarekin ikusleoi sorraraziko dizkigun traumak. Plas!

Badator denok ordaintzen dugun telebista publiko batean ez hankarik ez bururik duen Safari Wazungu izeneko reality-a. Harekin batera, Tu al norte y yo al sur saio anestesikoa. Ocho apellidos vascos filma, Allí abajo telesaila eta enparauak mamitzen ari diren memoria historikoaren lokartzea. Barre egin dezagun, gure herriko zauriak osatzeko ahaleginen fruiturik bildu ez dugun bitartean. Eztabaida mahai gainean ez dagoenean. Hitz egiteko ahalegina alde bakarrekoa dela ahaztuta. Askok esango dute, jada esan didaten bezala, horrela pentsatzea —politika instituzionala eta umorea nahastea— kontuak gehiegi nahastea dela. Zizekek aurten kaleratu duen txisteen hausnarketa liburuan dio gizartearen kontrola bermatzeko intelligentsiak txisteak fabrikatzen dituela. Egia edo ez, ez dezagun umorearen indarrarekin erdeinuz jokatu.

Dena den, ostiralean argituko da berrikuntzen misterioa, baina Gasteizko telebista jaialdiari esker, besteak beste, baditugu ildoaren zantzu argiak. Zantzuak eta zentzuak. Erraza baita ulertzen, inoiz baino gehiago, gizarte erantzukizunaren gainetik dirua lortzea dela katearen helburua. Txoriaren kaiolan «ez dira betiko garai onenak». Baina inork ez digu galdetu, gure diruarekin, gure telebista publikoa jarraitzen ari den eredu telebisiboa elikatzen jarraitu nahi dugun.

Biziki penatuta diot ez daukadala esperantza handirik. Atsegin handiz jasoko nuke ETBk ahoa itxiko balit. Plas!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.