Maialen Unanue Irureta.
DENA ETA EZTENA

Abismoa

2017ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Goazen aurrerago, ez dago hutsune hori baino gauza okerragorik». Bi lagun, Anariren kontzertuetara joateko soilik elkartzen direnak. Azkenak: bat Azkoitian, abenduan, eta bestea otsailean, Zarautzen. Bietan izan ziren, elkarrekin, Anariren groupie potentzialak. Eta zein desberdinak bata eta bestea, bukatu orduko sentsazioak.

Azkoitikoak ez zituen epel utzi, baina ezta bero ere. Elkargunean izan zen saioa: areto soila, handi samarra eta zuria. Egun-argiz, ospitale bateko itxarongela irudi dezake; gauez, argiztapen ez oso on batekin, igerileku izan behar zuen gela bat, edo, are, ikasturte amaierako jaialdi bat. Sufritu ere sufritu zuten Anarirekin: aire girotuak eztarria urratu zion hasieratik, eta laugarren kantarako aurpegieran nabari zitzaion ez zela batere gozatzen ari. Edateko zer edo zer eskatu zuen horri aurre egiteko, eta jarraitzeko adina adore eman zion, denen pozerako. Baina ez zen berotasunik sortzen hala ere, eta zerikusi dezente izango zuen, ziur aski, ikusleen eta oholtzaren arteko abismo hark. Han ez zuen inork aurrera egin, Anarik berak mesedez eskatu arte, amaiera aldera.

Beste muturrean dago, ziurrenik, Zarauzko Putzuzulo gaztetxeko kontzertua. Milimetro gutxi batzuek baino ez zituzten banatzen ikusleak eta taldea; Anari eta anarikideak elektriko zeuden, dena emanda. Eta dena emanda zeuden ikusleak ere, abesti indartsuenak kantatu baino oihukatuz; xuabeenak belarrira bezala abestuz. Aurretik Anarik han emandakoek izango zuten zerikusirik, noski. Eta asko izango dira kontzertu batetik bestera ikusleen zein musikarien bizipenak hainbeste aldarazten dituzten faktoreak: uneko neke edo grinak —ikusleenak zein musikarienak—, aretoa, argiztapena... Faktoreak, baina erabakigarriak: bi saioen artean, abismoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.