Aitor Manterola Garate.
Aulkitik begira

Kopiatzen

2012ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Elkarri begira. Osasunak, Athleticek eta Realak bakoitzak bere ereduarekin jokatzen du. Baina asteburuan nahasi egin dituzte berezko ezaugarriak. Elkarri begira egon izan balira bezala, bestearen ereduaren bereizgarri hainbat hartuta ibili dira. Tira, zehatz esateko, Athletic izan da beste bien ezer hartu ez duena, bereari eutsi baitio. Baina berari hartu dio Realak zerbait, eta Osasunak, Realari.

Ezberdina, kalterako. Denboraldiko partidarik txikiena jokatu zuen Osasunak zaleen aurrean. Larunbatean, Real Madrilek jan egin zuen, aurretik ia beste talde denak jan izan dituen bezala. Alde horretatik begiratuta, harritzekoa ere ez zen izan Sadar zaharreko emaitza. Harritzekoa beste zerbait izan zen. Jose Luis Mendilibarrek aldatu egin zuen taldearen eredua. Etxean, oldarkorra izan ohi da, eta aurkariaren zelaian jokatzea gustatzen zaio. Baina lehengoan, kontrako bidea aukeratu zuen, ziurrenik aurkariaren neurri itzelak baldintzatuta. Atzeko eskuin hegalean, Roversio erdiko atzelaria jarri zuen, eta zelai erdiaren erdigunean, hiru euskarri: Puñal, Nekunam eta Raoul Loe. Lerro guztiak ohi baino atzerago ere jarriarazi zituen. Oker jo zion kukuak. Konturatzerako egurra jasotzen ari zen Osasuna. Atzean sartuta aritzea Realak egin zuen Real Madrilen aurka astebete lehenago, eta astindua jaso zuen. Berdin Osasunak. Kopiatzen hasita, txarra kopiatu zion. Hori bai, ohi bezala jokatuta ere, ez harritu Real Madrilek zaplazteko antzekoa eman izana.

Bere-berean. Athleticek denboraldi honetako Athleticen itxura eman zuen Bartzelona beste ahalguztidunaren zelaian. Zelaiaren goialdean presioa eginez, aurkariari arnasa hartzen ez utziz eta erasoan jokatuz. Marcelo Bielsak ez du denborarik galtzen aurkariari gehiegi begiratuz. Ez dio baldintzatzen jokatzeko eredua. Berea dauka, eta berearekin azken muturreraino. Bartzelona izan aurkari, edo munduko bazter ezkuturen bateko edozein. Galdu egin zuen, baina duintasunez. Egiari zor, Gorka Iraizozen lan bikainak eragotzi zuen etxekoen gol zaparrada, baina Bartzelonak etxean erakutsi ohi duena horixe izaten da. Banaka-banaka, aurkari guztiak zanpatzen ditu, eta markagailuko zenbaki dantza atearen aurrean izaten duten eraginkortasunaren araberakoa izan ohi da. Athleticena ez zen salbuespena izan. Datorrela hurrengo aurkaria. Galtzeak beti ematen du mina, baina norbere ezaugarriekin aritu eta gero galtzea ez da inor lotsatzeko modukoa.

Bizi eta azkar. Oldarkor, grinatsu, borrokarago gogoz eta irabazteko gosearekin. Halaxe aritu ziren Realeko jokalariak Rayo Vallecanoren aurka igande gauean. Horrela behar du beti. Goseak jana ikustea ekarri zien, eta ase ziren lehiaren amaieran. Zirt eta zart egin zuten aurkariaren atearen aurrean, zalantza eta biguntasun gutxirekin. Hala behar du. Kontraerasoan jokatzeko pagotxa izan zuen Realak, aldeko emaitzari esker, eta Rayok oso erasokor jokatzen duelako, nahiz eta emaitzaren eraginez beste aukerarik ez eduki. Denbora asko da Realak kontraerasoa denboraldi honetan bezain ondo baliatzen ez zuela. Baina atentzioa beste honek eman zidan: emaitza aldekoa izan arren, erasoan azkar eta bizi segitu zuen Philippe Montanierren taldeak. Lehen zatian izan zen hori. Irabazten joanagatik, arriskuak hartzen jarraitu zuen. Horretan izan zuen Athleticen antza. Emaitzak agintzen zuelako, eta Rayo aurkari arriskutsua delako, komeniko zitzaion erritmoa geratzea, baina ez, jo eta su jarraitu zuen. Kopiatzen hasita, ezaugarri ona kopiatu dio bizilagunari. Iraun dezala, ahal den neurrian behintzat, denboraldia amaitu arte.

Plagioa bai, baina ez. Entrenatzaileen munduan ez daude oraindik egileen eskubideak eta halako kontuak. Eskerrak. Bat baino gehiago aberastu egingo zen bestela. Kopiatzeko gai hau amaitzeko, egon badagoela ziurtatzeko, adibide zehatza. Hona hemen: entrenatzaile baten taldeak bere Ligako handienaren aurka jokatu behar zuen. Aurreko asteburuan, talde handiari talde txiki batek irabazi zion. Partida hura ikusi zuen gure entrenatzaileak. Gero, talde handia parean izan zuenean, talde txiki hartako entrenatzaileak erabili zuen ezaugarri taktiko bat kopiatu zion gure entrenatzaileak. Irabazi egin zuen, gainera. Hori bai, norgehiagoka bukatu zenean, hau esan zuen: «Beste hark egindako gauza bera egin nuen, baina nire ukitu berezia eman nion».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.