Ibilbide aldaketa 2.0

Ibilbide aldaketa 2.0

Abentura hasi aurretik bagenekien gure ibilbidea tokian tokiko egoerek baldintzatuko zutela, eta honen arabera, aldaketak egin beharko genituela. Baina, egia esan, ez genuen espero gure hasierako ideia horrenbeste aldatu beharko genuenik. 

Hasierako asmoa Kenyako hiriburu den Nairobira iritsi, eta bertan, Asiara joateko hegazkin bat hartzea zen. Kontinente honetan, Thailandian hasi eta, besteak beste, Myanmar, Nepal eta Afganistan zeharkatuta Kirgizistanera iristea zen gure ideia.

Egungo egoera dela eta inguru hauetara bidaiatzea zaila eta kasu batzuetan ezinezkoa zaigu. Lehenik eta behin, omikron aldaera berria dela eta, Asiako herrialde askok neurri murriztaileak handitu dituzte, kasu batzuetan herrialdera sartzeko baimena debekatuz. Bestalde, duela urtebete inguru Myanmarren estatu kolpe bat egon zen, eta kontatu digutenaren arabera, herrialdera sartzeko bisa turistikoa lortzea ezinezkoa da. Azkenik, udan Afganistanen izandako gatazken ondorioz bertan sartzea ez da erabaki onena. Ibilbide alternatibo batzuk pentsatzen aritu gara baina azkenean Thailandiatik Kirgizistanera bizikletaz iristeko aukerarik ez dugula ondorioztatu dugu.

Burua lanean jarri behar beraz, ustekabe honetara egokitzeko. Gaiari buruz berriketan genbintzala galdera bat bota diogu geure buruari.

– Zergatik ez gara etxera bizikletaz iristen?

Bitan pentsatu gabe erabaki dugu abenturak nondik jarraituko duen. Emozioz hartu dugu buruari jarri diogun erronka berria. Afrika bizikletaz zeharkatuz etxera iristeak xarma edo motibazio puntu bat gehitzen dio bidaiari.

Lehen asmoa, Egiptora iristea da. Horretarako Kenya, Etiopia eta Sudan zeharkatu behar ditugu. Etiopia hegazkinez zeharkatu beste aukerarik ez dugu, izan ere, egun herrialdea gerra zibil bat bizitzen ari da eta bizikletaz ibiltzeko lurralde arriskutsua da. Kenya ondo ezagutzeko asmoarekin, ibilbide zirkular bat egingo dugu herrialdean. Ondoren, Nairobitik Sudango hiriburu den Khartumera hegan egin. Jarraian, Nilo ibaia jarraituz, Egiptoko Alexandriara iristea da asmoa. 

Bertan, mediterraneo itsasoa gurutzatuko duen itsas gizon bat ezagutu eta honekin batera Europara iritsi nahi dugu (Antzeko abentura bat egin duen ezagun batek belauntzi batean pasa zuen itsasoa). Berdin zaigu Turkia edo Greziara joan baina nola edo hala mediterraneoa zeharkatu behar dugu! 

Europara iritsi ondoren, bizikletentzat prestatua dagoen Eurovelo izeneko bidea hartu eta mediterraneo kosta egiteko asmoa dugu, Grezia, Albania, Montenegro eta Bosnia eta Herzegovina zeharkatuz, Kroaziara iritsiz. Bertatik, Austriara joan eta transalpikoaren bidez Alpeak zeharkatu eta azkenean Euskal Herrira iritsi. 

Gobernuz kanpoko erakundeei dagoekienez, Europako batzuk bisitatu nahiko genituzke, baina hau oraindik zehazteko dugu.

Ea hau azken ibilbide aldaketa den!

2 Replies to “Ibilbide aldaketa 2.0”

  1. Oso itxura ona dauka bidaiaren aldaketa, utzi Asia beste urte baterako, segi horrela bikote

    1. Mila esker Maider! Bai hori da, Asia beste baterako utzi beharko dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer