Manyara: TATU Project

Manyara: TATU Project

Tatu project Afrika iparraldeko Manyara izeneko eskualdean, Kilimajaroren magalean, kokatzen da. Eskualde hau, aislamendu geografiko eta egoera klimatiko txarra duen eremu batean aurkitzen da.

GKEak hiru jarduera nagusitan egiten du lan: Batetik, emakumeen ahalduntzean, bestetik hezkuntzan eta azkenik ingurumenean. Lan eremu hauek lantzeko guztira 13 proiektu ditu martxan erakundeak. Denak ikusteko denborarik izan ez dugunez, gure kasuan, emakumeen ahalduntzearekin loturiko hiru bisitatzeko aukera izan dugu. 

Eskualdeko eta orokorrean herrialdeko emakumeak familiako zutabeak dira. Etxeko ardura osoa haiena bakarrik da, eta askotan, etxetik kanpo ere lan egin behar izaten dute. Etxean erabaki garrantzitsuak hartzeko gizonek baino pisu gutxiago izaten dute normalean. Gainera, ez dute independentzia ekonomikoa izateko aukera, izan ere, gehienetan gizonezkoenak izaten dira soldatak eta hauek erabakitzen dute zer egin diruarekin.

Bizikletak alokatzeko denda

Proiektu honek bi helburu nagusi ditu. Batetik, emakumeen ahalduntzea eta bestetik, landa eremuko herritarren mugikortasuna hobetzea. Bertako herrixketako etxeak oso sakabanatuak egoten dira normalean eta horregatik toki batetik bestera mugitzeko distantzia handiak egin behar izaten dituzte. Esan digutenez, batzuek ordubetetik gora behar izaten dute eguneroko erosketak egitera joateko. Bizikletak alokatuz herritarrek aukera izaten dute modu merke batean distantzia hauek azkarrago egiteko. 

Proiektuan sei emakumek egiten dute lan. Hauetako bik ematen dute dendaren eguneroko gestioa eta gainontzekoak bizikleten mantenua egiteaz arduratzen dira. Negozioaren gestioa eta bizikleten mantenuaren ezagutzak handitzeko, aldian-aldian, kurtso batzuk antolatzen dituzte.

Guztira 80tik gora bizikleta eskaintzen dituzte alokairuan. Bisita egunean gutxi batzuk bakarrik zituzten dendan, proiektuak martxan eta osasuntsu denaren seinale! Bizikletak alokatzera joateko pertsona batzuk herriko punta batetik bestera mugitu behar dutenez, herritar guztiek denda eskuragarri izan dezaten, GKEa beste bat irekitzeko asmotan da.

KiliPads

Hilekoarekin lotutako gaiak tabu dira inguru hauetan. Proiektu honen bidez, Manyarako herritarrek gai honi buruz duten ezagutza handitu nahi dute eta ahal den neurrian gaia gizartera atera. 

Oihalezko konpresa berrerabilgarriak egiteko tailer bat sortu dute, bertako emakumeen hilekoarekin lotutako higienea eta osasuna hobetzeko asmotan.

Fabrikatzen dituzten konpresak herriko eta inguruko emakumeei saltzeko helburuarekin denda sozial bat ireki dute. Oihartzuna izan du eta ingurukoez gain Kenyako bezero batzuk ere lortu dituzte. Dendan lortzen dituzten irabaziekin lehengai berriak erosten dituzte konpresa gehiago fabrikatzeko. Modu honetan, ekonomikoki autosufiziente den negozio bat aurrera ateratzea lortu dute.

Tailerrean lan egiten duten emakumeek soldata bat izaten dute. Hau oso garrantzitsua dela azaldu digute, izan ere, horrela emakume hauek ekonomikoki independente izatea lortzen dute, nahi dituzten gauzak erosteko gizonen menpe egon behar izan gabe.

Masaa bitxi denda

Tanzaniako iparraldean Maasai izeneko talde etniko bat bizi da. Talde hau, batez ere, kideek soinean daramatzaten jantzi eta bitxi bereizgarriengatik da ezagun. 

Proiektu honetan, inguruan bizi diren Maasai emakume talde batek beren bitxiak fabrikatu eta munduan zehar saltzen dituzte. @masaa_jewlery instagram kontuan produktu hauek ikusteko aukera dago. Helburua, beraien kultura sustatzea eta emakume hauek independentzia ekonomikoa izatea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer