Arusha: Kutembea Na Tanzania

Arusha: Kutembea Na Tanzania

Duela urte batzuk, Amalia, Kutembea GKEaren sortzailea, oporretan etorri zen Tanzaniara. Bertan, Arushako Murieti auzoa bisitatzen ari zela kaleko umeei (umezurtzak edo lanagatik gurasoek zaindu ezin dituztenak) konpainia eskaintzen zien emakume talde bat ezagutu zuen. Hauen lanari jarraipen bat emanez proiektu bat sortu zitekeela pentsatu zuten.

Horrela sortu zen duela urte batzuk martxan jarri zuten eta bukatzen ari diren haur hezkuntzako eskola. Guk eginiko bisitan bertan egiten duten lana gertutik ikusteko aukera izan dugu.

Murietiko eskola

Proiektuaren helburu nagusia auzoko eta inguruko umeek eskolara joateko aukera izatea da. Esan bezala, haur askok kalean pasatzen dute eguna zaintzeko inor ez dutelako. Egoera honi irtenbide bat eman nahi diote.

Gaur egun 24 umek ikasten dute bertan, baina guztira 75 haur hartzeko aukera dute instalakuntzek. Azken urteetan auzoko populazioa asko ari da handitzen eta 75 haur izatera laster pasako direla uste dute. Matrikularen ordainketa familia bakoitzaren egoera ekonomikoaren araberakoa da. Esaterako, behar handiena duten familiek ez dute matrikula ordaintzen. 

Orain arte, proiektua aurrera eramaten Kutembea GKEak lagundu du. Dagoeneko instalazioak amaituta dituztenez, aurten GKEa guztiz bananduko da proiektutik. Amaliak esan digun moduan, proiektua dageneko hegan hasi da eta orain berak bakarrik jarraitu behar du.

Baliabide ekonomikoak lortzeko, denda bat ireki dute. Bertan eskolako instalazioetan dagoen baratzetik ateratako barazkiak eta bertan zaintzen dituzten oiloak saltzen dituzte. 

Mto Wa Mbuko proiektuak

Proiektu honez gain, GKE hau beste batzuk ere lantzen ari dira Mto Wa Mbu herrian. 

Artikulu batzuetan aipatu dugun moduan, emakumeek herrialde hauetan etxearen eta familiaren zaintzaren ardura osoa izaten dute. Gainera, neska gazteak ere egoera zaurgarrian bizi dira. Herrialde honetan, eskola ordaindu egin behar da eta familia batzuek ordaintzeko dirurik ez dutenez, semeak joaten dira eskolara, alabak etxeko lanetan laguntzen geratzen diren bitartean. Egoera hau aldatzeko asmoz, azken urteetan, proiektu sorta bat jarri dute martxan:

  • Negozio berriak irekitzeko aukera eta laguntza ekonomikoa eskaini herriko emakumeei.
  • IHESa eta diabetesa duten emakumeei asistentzia medikua eman.
  • Emakumeen osasuna eta osasun sexuala lantzeko tailerrak landu.
  • Egoera zaurgarrian dauden neska gazteei tailer batzuk eskaini. Ingelesa, kontabilitatea eta josteko tailerrak ematen eta formazioaren amaieran josteko makina bat oparitu, heuren negozioa martxan jar dezaten. 

Masaai komunitateari laguntzeko ekimen batzuk ere martxan dituzte. Komunitate hau landa eremuan, herrixka oso txikietan, bizi den tribu bat da. Horregatik, normalean ur edangarria jasotzeko puntuetatik urrun bizi dira eta distantzia handiak egin behar izaten dituzte lortzeko. GKEak ur bide batzuk ireki ditu ura herrixka hauetara iristeko. Hurrengo pausua, herrixka hauetako eremu zentralizatu batean 100.000 litroko ur tanke bat eraikitzea da. Modu honetan, Masaaien bizi baldintzak hobetuko dituzte.

Hauez gain, datozen urteetan GKEak Mto Wa Mbu herrian eta inguruetan proiektu berriak lantzen hasi nahi du. Ikerketa bat egiteko asmoa dute herriak zer behar dituen aztertzeko eta, horren arabera, proiektu berriek zein alor hartuko dituen erabakitzeko. 

Kontaktua

Kutembea Na Tanzania GKEra jende asko joaten da boluntario moduan lan egitera. Normalean hiru hilabete inguruko lan saioak egiten dituzte. Norbait interesatua egongo balitz, bertan doa kontaktua:

  • Kutembea proiektuko arduraduna
  • Korreoa: info@kutembea.org
  • Telefonoa: +34 605 111 982

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer