132-137 egunak: Mount Kenyaren magalean

132-137 egunak: Mount Kenyaren magalean

132. Eguna: Nairobi – Thika (53km, +148m)

Nairobi bizikletaz zeharkatzea erokeria hutsa izan da. Kaosa da nagusi bertako errepideetan. Kontu handiz eta kostata, baina lortu dugu bertatik ateratzea. Berriz ere landa eremuetan sartzearekin batera konturatu gara bizikletek eta Afrikako hiriek ez dutela bikote ona osatzen. Aurrerantzean hiri handiak saihesteko aukera badugu, ez dugu zalantzarik izango. Landa eremuetan alde ederrean gaude!

133. Eguna: Thika – Gachocho (53km, +801m)

Gogoko ditugun eremuetan gara berriz. Etxeko paisaien antzera, inguru berdeak eta aldapa motz baino gogorrak une oro. Gachochora iritsi eta emakume batek bere semetzat hartu gaitu hasieratik. Etxeko baratzean ekoiztutako produktuak saltzea du ogibide, aurretik ezagutu ditugun beste lagun askoren antzera. Dituen irabaziekin kapritxorik onartu ezin badu ere, zoriontsu da Ruth. Arratsalde ederra pasa dugu berarekin!

134. Eguna: Gachocho – Wamagana (47km, +1110m)

Wamagana herriak txoko berezi bat ezkutatzen du sasi artean. Bertako ume baten laguntzaz izan dugu ur jauzi eder hau ikusi eta sentitzeko aukera. Bero handia egin duen arren, motza izan da hartu dugu dutxa. Euskal erreketako ura beroa dago honekin alderatuta!

135. Eguna: Wamagana (Deskantsua)

Tanzaniako lapurretatik zehazki hilabete pasa den egunean izan dugu bigarren ezbeharra. Gosaltzen ari ginela GPS erlojua lapurtu digu baten batek. Herriko poliziaren laguntzaz egindako ikerketaren ostean, erlojua azaldu da… Baina txikituta.

13 urteko ume batzuk izan dira gertaturikoaren erantzule. Erlojua digitala bazen ere, bazuen ipar orratza. Kuriositatea piztu zaie umeei: zerk mugitzen du orratza? Eta erantzun bila egin dute astakeria. Garesti atera zaigu ume hauen jakin-mina…

136. Eguna: Wamagana – Naro Moru (63km, +880m)

Txipa aldatzeko garaia. Aspalditik begiz jota dugun helburu zirraragarri bat dugu aurretik, Mount Kenya handia igotzea. Mendi hau igotzeko beharrezkoa da mendi gidari bat izatea. Ahalik eta prezio baxuenean bat lortzea izan da gaurko lana. Arushan (Tanzanian) ezagutu genituen bi gaztek pasa digute bilatzen genbiltzan kontaktua. Patrick du izena eta 62 urte ditu.

Mount Kenyak hiru tontor nagusi ditu. Bi garaienak (Batian eta Nerion) eskalatzen eta soken laguntzarekin soilik igo daitezke. Hasiera batean berotu egin gara erronka honi heltzeko ilusioz. Baina buruari buelta batzuk emanda konturatu gara ez dela bideragarria. Ez dugu esperientzia nahikoa maila horretan eskalatzeko, ezta materialik ere. Lenana izeneko hirugarren tontorrarekin konformatu beharko dugu. Erronka polita baita ere. Lenanak dituen 4985m-ak ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula!

137. Eguna: Naro Moru (Deskantsua)

Espedizioko xehetasun guztiak antolatzen ibili gara. Hiru egunetan igotzeko erabakia hartu dugu lehenik. Behin hori jakinda, beharrezko janaria erosi dugu. Izan ere, jango dugun guztia gurekin eramango dugu hasieratik, ez dugu otordu zerbitzurik izango eta. Kanpin gasa erabiliko dugu sukaldatzeko.

Patrick mendi gidariak utzitako motxila betetzeko ez dugu asko pentsatu behar izan. Gurekin dugun arropa guztia barrura. Ez dugu altura horietan ibiltzeko arropa egokiena baina, ze erremedio! Kanpina ere nola edo hala lotu dugu. Prest gara abentura berri honi ekiteko!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer