Kabarnet: Bamba Project

Kabarnet: Bamba Project

Kabarnet inguruko komunitateak dituen beharrak asetzeko sortu zen Bamba Project 2013. urtean. IHESa oso hedatua dago eremu honetan eta jende gazte ugariren heriotzaren erantzule da. Honek, umezurtz eta alargun uzten ditu haur eta emakume asko, egoera guztiz zaurgarrian geratuz. Hemen sartzen da Bamba Project.

Umezurtz-etxe bat eraiki zuten haur hauentzat eta josteko tailer bat emakumeentzat. Horrez gain, ekintza ezberdinak antolatzen dituzte hauen ongizatea helburu jarrita.

UMEZURTZ-ETXEA

Gaur egun 24 haur eta gazte bizi dira, nahiz eta instalazio hauek 20 pertsona babesteko eraikia izan zen. Gobernua Kenyan aurkitzen diren umezurtzak aurkitzeaz arduratzen da, eta ondoren, inguruko umezurtz-etxeetara bidaltzen dituzte. Hortik aurrera, haur hauen gaineko ardura guztia erakunde hauena izaten da, gobernua guztiz desagertzen da ekuaziotik, alegia. Ez mesederik, ez laguntzarik.

Behin ume hauek Bamba Projecten ardurapean geratzen direnean, erakunde honek hartzen duen erantzukizun maila mirestekoa da. Oinarrizko gastu guztiak beraien gain hartzen dituzte: elikadura, lo egiteko aterpea, osasuna, hezkuntza eta arropa. Guzti hau unibertsitate ikasketak bukatu bitartean.

Ume guzti hauek barneko ikasle bezala egoten dira ikasturte guztian zehar. Opor sasoian etortzen dira soilik hona, horregatik aurkitu dugu etxea hutsik eta hotz egun hauetan, ikasturtean murgildurik baitaude. Opor garaian sekulako bizia egoten omen da txoko honetan; jolasak eta algarak une oro… Hauek ezagutzeko gogoz utzi behar izan dugu Bamba Project.

JOSTEKO TAILERRA AULA

Emakume zaurgarrienentzako sortu zen txokoa da Aula izenez ezagutzen den josteko tailerra. Komunitateko emakumeek bertara gerturatzeko aukera dute arropa, eskumuturrekoak, diru-zorro edo mota guztitako apaingarriak ekoizteko. Bamba Project arduratzen da beharrezko material eta josteko makinak hornitzeaz.

Ondoren, komunitateko merkatuan saltzen dituzte produktu hauek. Espainian ere saltzen omen dituzte beraien eskulanak. Laguntza handiko diru iturria da emakumeentzat.

AISIALDI EKINTZAK

Haurren ongizatea bermatzeko eta hauen garapena ziurtatzeko helburuarekin ekintza ugari antolatzen dituzte haurrak bertan aurkitzen diren denboraldietan. Alde batetik, kanpo ekintzak egiten dituzte. Adibidez, talde kirolean aritzen dira, ariketa fisikoa eta talde-lana uztartuz. Eremu oso aldapatsua dela baliatuz, mendi irteerak ere egiten dituzte naturaz gozatzeko.

Beste aldetik, barne ekintza oso interesgarriak ere badituzte. Baratzeko lanak egiten dituzte, eta beraien otorduetan aurkituko dituzten barazkiak landatzen dituzte bertan. Ardura eta disziplina lantzen dituzte lan hauekin.

Horrez gain, teknologia berriez gozatzeko aukera ere badute, bi 3D inprimagailu baitituzte bertan. Gainera, aisiarako soilik ez, aplikazio interesgarria bilatu diote makinari. Besoa galdutako pertsonei protesi eskuak egiten ari dira buru-belarri. Lehen bertsioetatik asko hobetu dutela esan digute, baina oraindik asko dutela ikasteko. Biziki erakutsi dute hobetzen jarraitzeko asmoa.

Kontaktua

Proiektu hau emaile pribatuen bitartez finantziatua da gehiengoan. Emaile iraunkor eta fidagarri batzuk badituzten arren, ziurgabetasun handia izaten dute etorkizunean izango duten sarrerekin. Erronka nagusia dute hau.

Bidaiarientzat bisitak ere antolatzen dituzte diru-iturri gisa. Haurrekin aipaturiko ekintzez gozatzeko aukera izaten dute bidaiariek Kabarnetera gerturatu ezkero. Norbait interesatua egongo balitz, bai diru laguntza eskaintzeko, bai bisita egiteko, bertan doa kontaktua:

  • Bamba Projecteko arduraduna: RocĂ­o
  • Korreoa: rocioo@bambaproject.es
  • Telefonoa: +34 656597887

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer