195-196 egunak: Basamortuko itsasontzia

195-196 egunak: Basamortuko itsasontzia

195. eguna: Muga – Abu Simbel (35km, +219m)

Zazpi herrialde zeharkatu eta hamaika gertaera bizi ostean iritsi gara Afrikako iparraldera, Egiptora. Mugan jarri dizkiguten zailtasun administratiboak kostata gainditu eta gero, herrialde berri bat ezagutu eta, batez ere, gozatzeko gogoz gaude.

Egipto eta Sudanen arteko muga fisikoak badu berezitasun bat, ordea. Eremu honetan Nilo ibaia zabaldu egiten da Nasser lakua sortuz. Ibaiaren antzera, aintzira hau ere ikaragarri handia da. Ur eremu hau zeharkatzeko, oraingoz behintzat, zubi erraldoirik egin ez dute, eta beraz itsasontzi
txiki bat erabili behar da.

Muga hau bi herrialdeen arteko merkataritza puntu garrantzitsu bat denez, eta itsas ontzia nahiko txikia denez, zain dagoen kamioi ilara handi batekin egin dugu topo. Bertako kamioilari bat baino gehiago ezagutu dugu, izan ere, errepidean duela egun batzuk ikusitakoak dira. Hau horrela izanik, kamioilari hauek ilaran egun bat baino gehiago daramatela pentsatu dugu. Gogorra da langile hauen bizimodua.

Ederra izan da aintzira itsasontzian zeharkatzea. Nilo ibaian baino itsasoan gaudela dirudi. Bizikletaz egun asko gelditu gabe aritu ostean plazer handia sentitzen dugu gure hankak ez diren beste zerbaitez, kasu honetan gasolinaz, mugituriko garraiobidean bidaiatzean. Eseri eta paisaiaz gozatu, besterik ez.

196. eguna: Abu Simbel (Deskantsua)

Ziurrenik Afrika osoko herrialde turistikoenetako bat da Egipto. Antzinako zibilizazioak bi mila urtetik gora iraun zuen eta garai hartako altxor kultural eta historiko handia kontserbatzen da. Historia ez da inoiz izan gure ikasgai gustukoena, baina Egipton gaudela aprobetxatuz gauza berriak ikasteko gogoz gaude.

Goizean Abu Simbel izena duen tenplu bat  bisitatu dugu. Ramses II.ak irabazitako gerra bat oroitzeko eraiki zuten monumentu bat da. Oso handia. Ez dakigu aste santuko datak direlako edo  Espainian modan dagoen herrialde bat delako den, baina bertan aurkitu ditugun bisitarien erdiak espainolez hitz egiten entzun ditugu.

Egiptoko kultur aberastasuna dela eta, tenplu asko bisitatzeko asmoa dugu. Aspalditik bizarra eta ilea moztu ez dugunez, arratsaldean ile-apaindegira joatea erabaki dugu. Etxekoei bidaliko dizkiegun argazkietan elegante atera nahi dugu.

Azkenean, ez dakigu ile-apaindegira edo spa batera joan garen. Ilea moztu eta gero, aurpegian krema moduko bat bota digute, pelikuletan agertzen diren pertsona aberatsek lo egiteko erabiltzen duten horietakoa. Begietan bi pepino soilik falta zitzaizkigun. Badirudi helburua bete dugula, eta nahi genuen bezala, guapo-guapo, irtengo garela argazkietan!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer