Jada ez

 

Ez da izanen

jada ez

ez gara elkarrekin biziko

ez dut zure umea heziko

ez zure arropa josiko

ez zaitut gauez izanen

ez dizut musu emanen ni joatean

ez duzu inoiz jakinen nor nintzen

zergatik maitatu ninduten beste batzuek.

Ez dut sekula jakinen

zergatik ez nola inoiz ez

ez egiazkoa ote zen

hala zela esan zenuen hura

ez nor izan zinen

ez ni zer zuretzat

ez nola izanen zen

elkarrekin bizitzea

elkar maitatzea

elkarri itxoitea

egotea.

Jada ez naiz ni besterik

betiko eta zu

jada

ez zara niretzat izanen

zu baizik. Jada ez zaude

etorkizun batean

ez dut jakinen non bizi zaren

ez norekin

ez oroitzen ote zaren ere.

Ez nauzu inoiz besarkatuko

gau hartan bezala

inoiz ez.

Ez zaitut ukituko atzera.

Ez zaitut ikusiko hiltzen.

 

Idea Vilariño
Itzulpena: Garazi Arrula
Irudia: Martine Audet

Elurraren gatz usaina

Joseba Otondo, Joanmari Larrarte eta Miren Agur Meaberendako.

 

Badakit zeintzuk diren arrastoak uzten dizkidaten gauzak.

Batzuetan esan gabeko hitzak dira.

Besteetan telefono deiak desorduetan.

Elurteak.

Zauriak seinalatzen dizkidatenak.

 

Ez dakit ze arrasto uzten dudan besteengan

beti nabilelako hautatzen nire begiraden esanahia.

Arrangura ezkutatzeko begiak dira nireak,

ezin asmatuzko kolore batekoak.

 

Zer garen.

Zer izan gintezkeen.

Zer izango garen.

Nik ez dakit

horri buruz zer esan.

Baina badakit ederra dela bakardadea zuekin,

motz jandako larrea dela gurea,

hemen geratuko nintzatekeela, ahal izatera.

 

Ez naiz isiltasunean hondoratzen den horietakoa,

baina hitzen bila abiatu beharko nuke,

fereken bila, gorputzik banu,

belagaietara itzuli.

Neurria hartu bilatzen dudanari,

eta, hain zuzen, hori eskaini zuei.

 

Maitasuna da ezkutatu ezin daitekeen gauza bakarra.

Beti egon da hor.

Beti egonen da hor.

Dena galdutzat emanen dugunean ere.

 

Castillo Suárez
Irudia: Magnetika

Epilogoa

 

Ihes egiteko era guztien artean,
gutako bakoitzak aukeratua du berea,
eta zuk zeurea.
Oharkabe, erabaki duzu bizitzeran gorritik metro bat atzera bizitzea,
bidean seinaleak: zaindu segurtasun tartea.
Badakizu, garrantzirik ez duten gauzen artean,
garrantzi gehien dutenak,
bihurtzen dituzula garrantzizkoenak,

 

Eta trenak euri tanten kontra lehertzen hasten direnean,
Hutsuneak azpimarratuz
Zeure burua ikusten duzu kotxeen argien itzal bustian
Telefonoz deitzen duen
animalia izu eta hipokondriakoa

 

Eta tristuraren industriak zuretzat sortuak dituen
ansiolitiko eta kantuak, makrobiotika eta liburuak,
konstelazio eta terapiak, sare sozialak eta farmaziak,
zure melankoli burgesa bezatzen dutenak

 

dena duzu
dena duzu galtzeko
dena duzu galtzeko beldurra

 

Anari
Irudia: Rohan Reddy

Askatasunaren plazenta

 

Ez daukagunaren hutsunea lagun benetakoek betetzen dute. Umetan, kaligrafia-atazetan marra etenak birpasatu ahala ikurrek zentzua hartzen zutenean bezala, hautematen ari naiz bakardadearen eitea: zehatza eta garbia da, egiaren ordu ankerraren oskola eta askatasunaren plazenta.

 

Miren Agur Meabe
Irudia: Mari Carmen Goikoetxea “Goiko”

Iraun behar duenaren alde

 

Sarritan eguzkitan ere

itsasertzetik pasieran

udako egunik erraz eta argienetan

pentsamendu ilunak darabiltza

gogoan ibiltariak

goragalea soseguaren ordez

esker txarreko amorrua

etsaien kontra

lagunen kontra

hurkoen kontra

sasoiz kanpoko kolera

egun ezin urdinagoetan

 

eta bakea soilik zeruertzean dago

eta higatzen edo harrapatzen

ez diren gauzen artean:

airean, zerruan, argian,

kalatxorien eta aparraren

eta seme-alaben irultza eroan

bizitzaren alde

izatearen alde

iraun behar duenaren alde.

 

Jon Gerediaga
Irudia: Da Kraplak

Hauteskunde kanpainak

 

Lotarako etzaten naizenean urek presatik behera egiten dituzten jauziak entzuten ditut. Batzuetan ni ere jartzen naiz leihoan, eta errekari begira egoten gara. Zure kamiseta daramat jantzita. Lepoan musu eman dizudanean ez duzu begirada aldatu, baina ez nau etsiak hartu. Nahi dudalako nago hemen.

 

Promesarik ezean, min eman eta min hartzeko egunak dira niretako hauteskunde kanpainak.

 

Castillo Suárez
Irudia: Flavio Gasperini

Desberdintasuna

 

Desberdintasunaz ohartzen gara lehendabizikoz.

Lore hau ez da ni bezalakoa. Elikatzen duen hanka bakar baten gainean bizi da.

Nik bi ditut eta urrats bakoitzean

lurretik erauzten naute.

 

Natalia Litvinova
Itzulpena: Castillo Suárez
Irudia: Anajoxe Errondosoro

Prozesionaria habia bat

 

Maite zaitut

ez duzulako nire iragana ezagutzen,

ez duzulako nire orainaz jakin nahi

eta ez zarelako nire etorkizunean egongo.

Izan ere, zure adinarekin

inork ez du bihotza osorik gordetzen,

eta nirearekin badakit

sexuak beti eramaten gaituela

okerreko tokietara.

Pinu beltzak dituzu begien hondoan;

nik prozesionaria habia bat umetokian.

 

Castillo Suárez
Irudia: Koldo Torrea