Belar-giroa heldu da

Eguzki xuri udako solstizioaren kontzerturako egindako testua

(World Weather Network)

Eguzkia behar dugu non eta noiz gauden jakiteko,

harrobi bat izan baino lehenago zer ginen ezagutzeko,

belarra moztu baino lehenago zer behar dugun esateko.

Ezin diogu aurrez aurre begiratu, baina badakigu hor dagoela.

hutsuneak eta absentziak daudela dakigun bezala.

Lore bat behin eta berriz irekitzea da bizitzaren xedea,

baina belar gaiztoei ihes egiten digu begiradak tarteka.

Hatzez seinalatzen dizut eguzkia, begiak itxita.

Nire baitako sekretu bat kontatu nahi nizuke.

Nik ere izar txiki bat daramadala niregan

munduari nola begiratu esaten didana,

denbora nola igaro xuxurlatzen didana.

Ni eta zure arteko laztana da isilean nagoenean.

Hazarazi egiten dizkit lurretik gertu bizitzeko gogoak.

Barrurantz erakartzen ditu nire arrangurak.

Biluzian ez da ikusten ahal,

baina belar galgarrietatik babesten nau.

Belar giroa heldu da, belar-lanak egiteko sasoia.

Belar-lilien gisan igarotzen da jendea.

Ustez ez daude gurekin,

baina eguzkiaren dirdira ere ezin dugu ikusi,

eta sumatu egiten dugu aurpegian.

Dena hasten eta dena bukatzen da aldi berean.

Bakarrik sentitzen gara maiz jendez inguratuta gaudenean.

Belar-lipits batek kili-kilia egiten digu kolkoan orduan,

bihotzetik gertu.

Eguzkia behar dugu

zerbait, ezer gutxi, aldatzen ari dela ulertzeko.

Ez daude zaldiak bazkatzen,

baina harrizko paretetako zartatuetan landare berriak ageri dira orain.

Castillo Suárez
Irudia: Irene Larraza

Lorerik gabe

Nork bere gela zaindu gabeko egunak
gordetzean pilatu ohi zaizkigunak.

Ohea bete ondotik barre eta bizarrez,
kasu, estaliko duzu erretako loreez.

Ohartu orduko…

Ez sekula bihurtu kanpokoa zutabe
utziz korridorea osorik zu gabe.

Ez dadila izan inor etxean zu beste.

Ohartu orduko: ez lore, ez lanpara, ez erbeste.

Amets Aranguren eta Ibai Osinaga (Ibil bedi)
Irudia: Andrej Lisakov

Basozain

Urte asko eman ditu basoa zaintzen.
Zuhaitzei gora begira itxoiten.
Ez ditu gauzak argi, are ilunago orain;
oraindik ere hori posible bada.

Hanpatuak ditu zainak odolez. Dolorez.
Oinak lurrean dituenak duen ziurtasunaren adorez.
Eta gora egiten du ahal duen guztietan,
baina ez du ezer ikusten.

Enpatia basoa mozten hasi da
eta zurekin amestu du gizonak.
Zurekin, soilik zurekin.
Zurekin, beti.

Piztu da piztia eta ez dago atzera bueltarik.
Ez da hemen jainkorik hau gelditzeko gai denik.
«Hitza hitz» dio zeruko pintada handiak,
hastear da ikastear dugun garai berria.

Enpatia basoa mozten hasi naiz
eta sexuarekin amestu dut orain.
Zurekin, soilik zurekin.
Zurekin, beti.

Basoa naiz, basoa nauzu.

Amets Aranguren eta Ibai Osinaga (Ibil bedi)
Irudia: Anajo Errondosoro

Epilogoa

 

Ihes egiteko era guztien artean, gutako bakoitzak aukeratua du berea, eta zuk zeurea. Oharkabe, erabaki duzu bizitzeran gorritik metro bat atzera bizitzea, bidean seinaleak: zaindu segurtasun tartea.

 

Badakizu, garrantzirik ez duten gauzen artean, garrantzi gehien dutenak, bihurtzen dituzula garrantzizkoenak.

 

Eta trenak euri tanten kontra lehertzen hasten direnean,
hutsuneak azpimarratuz,
zeure burua ikusten duzu kotxeen argien itzal bustian,
telefonoz deitzen duen
animalia izu eta hipokondriakoa.

 

Eta tristuraren industriak zuretzat sortuak dituen
ansiolitiko eta kantuak, makrobiotika eta liburuak,
konstelazio eta terapiak, sare sozialak eta farmaziak,
zure melankoli burgesa bezatzen dutenak.

 

Dena duzu.
Dena duzu galtzeko.
Dena duzu galtzeko beldurra.

 

Anari
Irudia: Kenzie Kraft

Bizitzak

 

Bizitzak ez du etsitzen

ezpada muga latzetan;

ezpadu Oihanarekin egiten amets,

egiten du Desertuarekin.

 

Eta hala, Iraila Garo Gorridunak

soilik Elur, soilik Otso,

Barren zabal eta izoztu

izan nahiko zukeen;

 

Eta izan nahiko zukeen Eguzkiak

Argi huts eta zorrotz

Erleen memoria ahulean;

 

Gaua, berriz,

hastapenetako garaiaz

oroitzen da bereziki,

orduan ez baitzen gaua besterik;

 

Era berean, Egundo Ez

edo Beti Beti

esaka dabil nire Bihotza;

Bi hitz bakarretan

erabakitzen ditu, zoritxarrez,

bere desira guztiak.

 

Bernardo Atxaga
Irudia: Koldo Torrea

 

Gauari kendutakoa itzuli

 

Har ezazu nire poesia
bigarren eskuko amets.

(Berri txarrak)

 

Zertarako kantak idatzi

hitzek zauriak irekitzen badizkigute,

memoria behin eta berriro ezabatzen badigute,

gezurrez inguratuta bagaude,

maite ditugun gauzek zentzua galdu badute.

 

Zertarako amestu

lurrera jausi bagara,

zauriek orbainak ekarri badizkigute,

txoriek izena galdu badute,

lapurtutakoa ez badute sekula itzuliko.

 

Grabitatea baino ez dago hor kanpoan.

 

Zure oroitzapenen kutxa beltza bilatzen jarraitzen duzu:

geroa eta iragana ezabatuak izan dira,

biharra ez da existitzen,

gaurkoa ez da amesten genuenaren antzekoa.

Denborak ez du beti bakoitza merezi duen lekuan uzten.

Garaiak ez dira batek nahi bezain azkar aldatzen.

Zenbatu al dituzu porrotak eta garaipenak?

 

Loreak beltzak dira hemen.

 

Etorkizuna oroitzapenez mozorrotzen da maiz,

baina nik zerotik hasi nahi dut orain,

eta aurrera egiteko egin dezakedan hoberena

kanta bat da, melodia urdin batean.

Nire bihotza jarriko dut horretara,

arima hustuko dut,

erantzunei galderak egingo dizkiet,

hegalak ernatuko zaizkit besaburu anputatuetan,

neurria hartuko diet galerei.

 

Min hau betiko ahaztu nahi dut,

nire kontraesanak agertu,

zalantzen bilduma osatu,

ikasitakoa desikasi,

irakurriz idatzi.

 

Hitz asko ikusi ditut zentzua galtzen,

eta jakin nahi nuke maitasuna zer den zuretzat.

 

Niretzat hasi eta bukatu egiten diren gauzen multzo horretan dago.

Eta hizkuntza ezberdin batean mintzatzen bazinen ere,

poliki elkar biluzten genituen gauak etortzen zaizkit akordura.

 

Mundua ikusi nahi dut,

baina zure ohetik atera beharra daukat oraingoan.

Gauari kendutakoa itzuli.

 

Castillo Suárez
Irudia: Ibai Arrieta

Izotzezko lurra

 

Inork ez zidan aitortu negu polarra zenik,

ez eta zuria izan zitekeenik urratu daitekeen kolorea;

berokia hiri hau baino handiagoa dela

argiak ez badu zure ibilera nahasten.

Eta abiatu zara eta harrapatu nauzu.

Zure ahoa izotzekoa da eta nirea kateatu egin da

azala urratzen duen elur-jausi baten gisan.

Eta airea zurgatzen duzu, hotza barreiatuz;

eta samurtasuna duzu amets, puskaka eskaintzen duzuna

inor ez dagoenean begira eta posible denean maitatzea.

 

Inork ez zidan aitortu ausazko izpi batek

hiri honetako zuhaitzak aldatuko zituenik.

Eta haizeak nire maitatzeko modua bizkortuko balu,

izotz-mendiak urtzea nire garaipena litzateke.

Eta abiatu naiz eta harrapatu zaitut.

Zure ahotsa, amildegi-emakume hori, grinazkoa da

irakurtzen ez dakidan esaldiekin kantatzen baduzu.

Eta poliki zabaltzen zaizkizun urrakadei begira nago,

eta gehiegizko orduak lurrintzen direnean,

tarteka eskaintzen duzun zentzuarekin egiten dut amets.

 

Inork ez zidan aitortu bidaia nezakeela

izotzeko lurretik eguzki-sistemara.

 

Clara Peya
Itzulpena: Castillo Suárez
Irudia: Amalia Suárez

Aurrez aurre

 

Ez dut jada omoplatorik,

Ez saihetsik, ez zilborrik.

Ez dut jada organorik

Ezinegon honi aurre eginen dionik.

 

Eta bihotza eta biok bakarrik gaude orain.

Buruz buru. Aurrez aurre.

 

Eta bihotza eta biok bakarrik gaude orain.

Ez bularrik ez birikarik.

 

Ez dut jada sabelik

ezta haragirik ere azal azpian.

Urdailak ez du sabairik

eta hezurrak txoriak dira.

 

Eta bihotza eta biok bakarrik gaude orain.

Buruz buru. Aurrez aurre.

 

Eta bihotza eta biok bakarrik gelditu gara.

Ez ziorik ez arrazoirik.

 

Clara Peya
Itzulpena: Monika Etxebarria
Irudia: Ramez E. Nassif

Epilogoa

 

Ihes egiteko era guztien artean,
gutako bakoitzak aukeratua du berea,
eta zuk zeurea.
Oharkabe, erabaki duzu bizitzeran gorritik metro bat atzera bizitzea,
bidean seinaleak: zaindu segurtasun tartea.
Badakizu, garrantzirik ez duten gauzen artean,
garrantzi gehien dutenak,
bihurtzen dituzula garrantzizkoenak,

 

Eta trenak euri tanten kontra lehertzen hasten direnean,
Hutsuneak azpimarratuz
Zeure burua ikusten duzu kotxeen argien itzal bustian
Telefonoz deitzen duen
animalia izu eta hipokondriakoa

 

Eta tristuraren industriak zuretzat sortuak dituen
ansiolitiko eta kantuak, makrobiotika eta liburuak,
konstelazio eta terapiak, sare sozialak eta farmaziak,
zure melankoli burgesa bezatzen dutenak

 

dena duzu
dena duzu galtzeko
dena duzu galtzeko beldurra

 

Anari
Irudia: Rohan Reddy