Gauzak asko aldatu dira

Gauzak asko aldatu dira.

Beti musika bera entzuten dut.

Ez-lekuetan gelditzen dira trenak.

Urratsak urratsa darama ezbairik gabe.

Hodeietan irakurtzen dut oraina.

Maite dut ene bakartasuna.

Egoera jada ez da berdina.

Berantagatik orduz helduko gara.

Ene memoria hondakindegira bota dut.

Hango langilea trufatu da nitaz.

Iraganik ez dut, USB giltzetara

Pasatutakoa salbu.

Maite dut ene bakartasuna,

Zure laztantzeko hedatzen den

Eremu elurtsu bakarra delako.

Itxaro Borda
Irudia: Alia Wilhem

Ama harriak

Ama harriak, ama izarak, ama leihoak, ama izarrak, ama aingurak, ama begiak, ama zakatzak, ama ogiak, ama baratzak, ama ahotsak, ama koilarak, ama laiotzak, ama basoak, ama hariak, ama usoak, ama zauriak, ama oharrak, ama oihuak, ama aiztoak, ama mailuak, ama labeak, ama masailak, ama ateak, ama mirailak.

Ama arraina bezain ama zuhaitza bezain ama txoria neu ere.

Denok gara erabat ezagutuko ez dugun ama baten seme-alabak.

Leire Bilbao
Irudia: Thabita Turner

Lorerik gabe

Nork bere gela zaindu gabeko egunak
gordetzean pilatu ohi zaizkigunak.

Ohea bete ondotik barre eta bizarrez,
kasu, estaliko duzu erretako loreez.

Ohartu orduko…

Ez sekula bihurtu kanpokoa zutabe
utziz korridorea osorik zu gabe.

Ez dadila izan inor etxean zu beste.

Ohartu orduko: ez lore, ez lanpara, ez erbeste.

Amets Aranguren eta Ibai Osinaga (Ibil bedi)
Irudia: Andrej Lisakov

Basozain

Urte asko eman ditu basoa zaintzen.
Zuhaitzei gora begira itxoiten.
Ez ditu gauzak argi, are ilunago orain;
oraindik ere hori posible bada.

Hanpatuak ditu zainak odolez. Dolorez.
Oinak lurrean dituenak duen ziurtasunaren adorez.
Eta gora egiten du ahal duen guztietan,
baina ez du ezer ikusten.

Enpatia basoa mozten hasi da
eta zurekin amestu du gizonak.
Zurekin, soilik zurekin.
Zurekin, beti.

Piztu da piztia eta ez dago atzera bueltarik.
Ez da hemen jainkorik hau gelditzeko gai denik.
«Hitza hitz» dio zeruko pintada handiak,
hastear da ikastear dugun garai berria.

Enpatia basoa mozten hasi naiz
eta sexuarekin amestu dut orain.
Zurekin, soilik zurekin.
Zurekin, beti.

Basoa naiz, basoa nauzu.

Amets Aranguren eta Ibai Osinaga (Ibil bedi)
Irudia: Anajo Errondosoro

Zehaztasuna

Lasaitzen nauena da

existitzen den oro

zeharoko zehatz existitzen dela.

Orratz-buru baten neurrikoa denak

ez duela gainditzen milimetro zati batean ere

orratz-buru baten neurria.

Existitzen den guztia zehaztasun handikoa da.

Pena da zehaztasun horrekin

existitzen den guztiaren gehiena

teknikoki ikusezina izatea.

Ona da egia gugana iristea

gauzen zentzu sekretu bat bezala.

Azkenerako geuk, nahastuta, asmatzen dugu

perfekzioa.

Clarice Lispector
Itzulpena: Mikel Elortza
Irudia: Izaskun Etxeberria

Dibortzioaren gorazarre

Etxeak fundatu egiten dira nazioak bezala

eta gero hedatu egiten dira.

Etxeak fundatu egiten dira

maitasunaren izenean, betirako.

Bizitzeko araudi bilakatzen dira ohiturak

eta araudiak, aztura; eta azturak, natura;

eta natura, gauzen izaera beharrezkoa.

Zopari derrigor bota beharreko tomateak

antzinako usadioen ukitua du;

zainzuriak bi saltsatan sarrera gisa

hastapenetako dekretuetan ageri da;

eta ogi haziduna; eta legatza, saltsan;

eta Larraburuko hojaldre tarta mermeladaduna

fundazio garaitan Ikean erositako jantokian.

Argi iragazia, elkarrizketa arina,

bidenabarrekoa balitz bezala. Intimitate arraro hau

ia gehiegizkoa.

Komuneko muturreko garbiłasuna

ez da puritanismoaren seinale

lege izatearen arrazoia ahantzitako legea baizik.

Egongelako jardueren zuhurtzia

ideologia nagusiaren morroi denez

Brahms heresiara kondenatuko da

hala nola Purcell, amerikana osoa eta korridoak.

Popa hartzen da naturaltzat

eta oheratu aurretik telebista ikustea.

Logelako atearen beste aldean datza egia

egia bakarra izaretan binaka ezarria.

Diote maiłasunarengatik fundatzen direla etxeak

baina fundatu behar direlako fundatzen dira,

arrasoan, bestela, hotz egiten duelako.

Eta urteak igarotzen dira gero.

Lababoko ileek ez dute ja

gizarte larritasunik sortzen.

Logelako ate itxiak epaiketa jauregia dirudi

eta dekretu absurdoak aldarrikatzen dira:

zainzuriak maionesa hutsarekin, haragia igandeetan,

Larraburuko tarta data berezietan bakarrik.

Alfonbra bat agertu da ez zegoen tokian

propagandaren indarrez deitzen da iragana

orainera. Leihoetako kristalek

zikin-gandua dute eta kanpora alde egin beharra

nagusitzen hasiko da hiriaren konkistan.

Auzoa lehendabizi, erdiguneko karrikak gero.

Itzultzean, gauzek ardatzik gabe dirudite,

lore-ontzia ezkerretaraxeago dago,

sofa eskuinetarantz mugitu du norbaitek

Iiburuen ordenak aldaturik ematen du,

lagun uste genuena ezagun baino ez da.

Denak dirudi oraindik birendako,

dena da, izan, birendako baina

bi egia dabiltza honezkero.

Etxeak fundatu egiten dira

baina hautsak harrotuz erortzen dira

antzinako inperioen modura.

Legeak letra mortu dira, azturak, arrotz,

naturari artifizioaren kutsadura dario.

Ez dago besterik: kanpoko atea isilean itxi

eta arrasora atera. Hotz egiten du.

Ortziak ez du inoiz arraposturik izan.

Zertarako galdetu orain?

Juanjo Olasagarre
Irudia: Michael Browning

Kronika

Ez zaude.

Apokalipsiak festa-jantzia ipini

eta distopia hitzak ahoa goxatu digunean.

Ez zaude.

Baserrian ahuntzak ahumeak egin

eta zure alabak hontzei iragarri dienean.

Ez zaude jada.

Supermerkatuko otarrainxka-paketean

Cocidos etiketaren ordez Covid-2 irakurri dudanean.

Ez zaude.

Hilkutxek txanda gorde behar dute.

Ejerzitoak zorrotzago estutzen ari dira mugak.

Ez zaude.

Geranioari galdetzen diot nola eutsi

bete-betean joko nauen oinaztarririk etorri ezean.

Ez zaude, ezetz.

Zure lankideak kalera bota dituzte, dendak itxi,

barazkiak zarrasteldu egin dira, artistak isildu.

Ez zaude.

Ganbara hustu dut, ilea tindatu, lapikoa astindu.

Amodioa zure itzalarekin egiten jarraitzen dut.

Ez zaude.

Andre mozkorti bat ujika dabil plazan

berarentzat delakoan balkoietako txalo-zaparrada.

Ez zaude, ez.

Trakeotomiak. Giltzurrun erauzketak. Zorabioak.

Isuriak. Endotelio lehertuak. Konbultsioak.

Ez zaude jada, esan dut, bai.

Bazeunde, esango zenuke, Winchester bati oratuta:

“Kanpora, Satanas! Ni Rambo berria naiz!”.

Triste, triste jarri da mundua.

Lacrimosa dies irae, lacrimosa dies illa.

Min oro da absolutua. Min oro da erlatiboa.

Ez dakit non den zentzabidea.

Olatuak. Uhartea. Kalatxoriak.

Faltan dut zure hatz-koskorren deia atean,

sekula izango ez dugun hitz ase eder luzea.

Miren Agur Meabe
Irudia: Àngels Moreno