Umeak ginenean

 

Umeak ginenean

zaharrek hogeita hamar urte edo zituzten

putzu bat ozeanoa zen

heriotza argi eta garbirik

ez zegoen

 

koxkortutakoan

zaharrak berrogei urtekoak ziren

urmael bat ozeanoa zen

eta heriotza

berba bat baino ez

 

ezkondu ginela

zaharrak berrogeita hamarrera

helduak ziren

aintzira bat ozeanoa zen

heriotza

besteen heriotza zen

 

orain adineko

egia igarri dugu

ozeanoa ozeanoa da azkenean

baina heriotza,

geurea izaten hasi da.

 

Mario Benedetti
Itzulpena: Xabier Boveda
Irudia: Nathan Dumlao

Batzuetan

Jon Gurutz Maizari

 

Batzuetan, bizitzak lau pareta ditu.

Eta geure gorputzak.

Eta geure buruak.

Mina karratua da.

Gaixotasuna ere bai.

 

Batzuetan ez dago jakiterik non hasten den zerua,

edo askatasuna deitzen den hori.

Non dagoen kanpoko zarata isilaren

eta barreneko negar mutuaren arteko muga.

 

Batzuetan, ez dakigu bakardadea nola izendatu.

Ez dakigu noiz arte agurtu ditugun maite ditugunak

xaboi-burbuila bat direlako telefono deiak.

 

Batzuetan, ez beti.

 

Beste batzuetan, mundu bat sartzen zaigu ziega barruan:

kometa bat dira gutunak.

Leiho hegi bat dira gure begiak bisita batean:

euria sumatu dezakegu aurpegian.

 

Gehienetan, zauriek zakarrak uzten dizkigute,

baina, batzuetan, maitasun hitzek uzten dizkigute

betiko orbainak.

 

Castillo Suárez
Irudia: Jian Xhin

Tokirik ederrenak

Elurre Iriarteri

 

Tokirik ederrenak ezagutzen ditugunak dira.

Eraits ditzakete, itxi, debekatu,

baina ezin gaituzte abandonatu.

Izan ere, toki horietan hitz egin dugu

Heriotzaz eta bizitzaz,

musikaz eta poesiaz.

Zain egon gara bertan,

zain geundela jakin gabe.

Norbait aurkitzeko.

Maitatzeko.

 

Gauzarik ederrenak ez dira zenbatu behar.

Lagunak, esate baterako.

Nahiz eta ez ditugun inoiz zerrendatu,

denok badakigu zenbat ditugun,

eta non aurki ditzakegun,

 

Hitzik ederrenak esan gabekoak dira.

hari ikustezinen gisara

lotzen gaituztelako

estimatzen ditugunei.

 

Castillo Suárez
Irudia: Elurre Iriarte

Elurtea

 

Lehen elurtearen ostean dena dago geldi.

Zer eta nor maitatu erabakitzeari uzten diozu,

herrak estutzen dizkizu lokiak,

besteen memoriarekin zureak bat eginen duen

tokietara joan nahiko zenuke.

Isiltasunera kondenatu zeure burua.

 

Elurra beti geratzen da luzeegi.

 

Lurmentzearen ostean dena ahazten da, ordea.

Iragana desegiten da.

Irauten duen bakarra etorkizun bat da;

zurea edo nirea den ez dakit.

Oroitzapena izatera ere iristen ez den horiek

erakusten dizute memoria zaurgarria dela.

Atzera ez begiratzea bihurtu zaizu etorkizuna.

 

Castillo Suárez
Irudia: Gemma Urdanitz

Beldurra

 

1.

Beldurra gorputz barrenean daukat.

Gorputza da beldurraren tokia.

 

2.

Beldurra toki bat da. Ez dago gordeko duen kutxarik.

 

3.

Egun batean, zurekin telefonoz hitz egin ondotik, giltza herdoildu bat aurkitu nuen. Haurra nintzenean nire sentimenduak idazten nituen kaiera hartakoa ematen zuen.

 

Bide berean, hilabete batzuk geroago, nire oinek abandotatutako haur bat topatu zuten. Egunak neramatzan etxez aldatzea pentsatzen, eta haur hura seinale bat zela pentsatu nuen.

 

Zeren seinale, ordea?

 

4.

Lehendabiziko gauean maitasunaz eta beldurraz eztabaidatu genuen. Zuk pentsatzen zenuen maitasuna beldurra baino emozio indartsuagoa zela.

 

5.

Beldurra iturri zahar bat da.

Maitasuna heldu den toki baretik heldu da, dardarak heldu diren toki beretik

 

Maria do Cebreiro
Itzulpena: Castillo Suárez
Argazkia: Isabel Suárez

Epilogoa

 

Ihes egiteko era guztien artean, gutako bakoitzak aukeratua du berea, eta zuk zeurea. Oharkabe, erabaki duzu bizitzeran gorritik metro bat atzera bizitzea, bidean seinaleak: zaindu segurtasun tartea.

 

Badakizu, garrantzirik ez duten gauzen artean, garrantzi gehien dutenak, bihurtzen dituzula garrantzizkoenak.

 

Eta trenak euri tanten kontra lehertzen hasten direnean,
hutsuneak azpimarratuz,
zeure burua ikusten duzu kotxeen argien itzal bustian,
telefonoz deitzen duen
animalia izu eta hipokondriakoa.

 

Eta tristuraren industriak zuretzat sortuak dituen
ansiolitiko eta kantuak, makrobiotika eta liburuak,
konstelazio eta terapiak, sare sozialak eta farmaziak,
zure melankoli burgesa bezatzen dutenak.

 

Dena duzu.
Dena duzu galtzeko.
Dena duzu galtzeko beldurra.

 

Anari
Irudia: Kenzie Kraft