LGTBI

deontologia >> Jarraibideak >> Bereizkeriarik gabeko tratamendua >> Askatasun sexuala

Sexualitatearen eta maitasun harremanen aniztasuna islatuko da BERRIAn, ikuspegi heterosexistarik gabe.

Gay, lesbiana, transexual eta bisexualek ez dute talde homogeneorik osatzen. Beraz, estereotipoak eta topikoak saihestu beharra dago.

Gay, lesbiana, transexual eta bisexualen ikusezintasunari buru egiten saiatuko da BERRIA, baita sexualitateaz bestelako gaietan ere.

Hizkera homofoborik, lesbofoborik, transfoborik eta bifoborik ez da onartuko.

Oro har aritzeko, gay eta lesbianak idatziko da, eta ez homosexualak. Izan ere, homosexual hitza bakarrik erabiltzeak ikusezin bihurtzen ditu lesbianak. LGTBI sigla ere erabiliko da (lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualak).

[ez] Homosexualen Nazioarteko Eguna

[bai] Gay eta Lesbianen Nazioarteko Eguna; LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna

*

*

[sigla] AMPGYL. /ampgil/ Gay, Lesbiana, Bisexual eta Transexualen Gurasoen Elkartea.

[sigla] EHGAM. /egam/ Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimendua (lehen, Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimendua).

[sigla] LGTB. /ele-ge-te-be/ lesbiana, gay, transexual eta bisexualak.

armairutik atera (coming out*). Nork bere lesbianismoa edo homosexualitatea agertu.

bifobia. Bisexualen kontrako fobia.

binario, binarismo, binarista. Giza eta gizarte zientzietan, biko sailkapenak darabiltzan sistema; hari dagokiona.

butch. Rol maskulinoa hartzen duen lesbiana.

cruising. Toki publikoetan sexu harremanak izatea, normalean ezezagunen artean.

drag.

drag king.

drag queen.

Ekainaren 28a, -a. LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna.

ez-binario (ezbinario*, ez binario*).

ezkontza igualitario. Inoren esanetan bakarrik erabiltzekoa. Hobe 'sexu berekoen ezkontza'.

ezkontza zibil (batasun zibil*). Aditza behar izanez gero, 'zibiletik ezkondu' eta 'zibilez ezkondu' ere erabiltzen da.

femme. Rol femeninoa hartzen duen lesbiana.

gay. Ahal dela, ez deklinatu. Gayen eta lesbianen taldeak*[e.] Gay eta lesbiana taldeak.

genero 2. Kulturak eta gizarteak sexu bakoitzari ezartzen dioten rola. Ez nahasi sexuarekin. Jaio bezain pronto, genero femeninoa inposatzen hasten zaizkie emakumeei, eta maskulinoa gizonei.

sexu. Biologikoa. Ez nahasi generoarekin. Generoa eta aspirina: Bayer etxearen pilula ezagunak ez die berdin eragiten gizonei eta emakumeei*[e.] Sexua eta aspirina: Bayer etxearen pilula ezagunak ez die berdin eragiten gizonei eta emakumeei.

heteroarau, heteronormatibitate, heteronormatibo. Heterosexualitatea bizimodu egoki bakartzat jotzen duen sistema; hari dagokiona.

heteropatriarkatu (hetero-patriarkatu*). Gizonak nagusi diren eta heterosexualitatea inposatzen den sistema soziopolitikoa.

heterosexismo, heterosexista. Heterosexualitatearen nagusitasuna defendatzen duen sistema; haren aldekoa.

homofobia. Homosexualen kontrako fobia.

homoparental. Familiei buruz mintzatuz, gay edo lesbiana bikoteek beren seme-alabekin osaturikoak.

intersexual. Gizonen eta emakumeen ezaugarri fisiko sexualak, bienak, berez garatu dituena.

izatezko bikote (egitezko bikote*).

konbertsio terapia (errekonbertsio terapia*). Sexu orientazioa aldarazi eta heterosexualitatea inposatzeko sasi-metodoa.

lesbofeminismo, lesbofeminista. Feminismoaren adarra, heterosexualitatea erregimen politikotzat jotzen duena; haren jarraitzailea.

lesbofobia. Lesbianen kontrako fobia.

LGTBfobia. Lesbiana, gay, trans eta bisexualen kontrako fobia.

LGTBIfobia. Lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualen kontrako fobia.

marika 1. Inoren esanetan bakarrik erabiltzekoa.

musualdi, musukada. Aldarrikapen ekintza, gehienetan gay eta lesbianen harremanak ikusarazteko eta diskriminazioa salatzeko egina.

postporno. Pornografia tradizionalaren oinarriak iraultzen dituen mugimendua, sexualitatearen eredu hegemonikoen kontra borroka politikoa egiteko.

queer. Generoa ez ezik sexua eta identitate eta orientazio sexualak ere kulturak eraikiak direla dioen teoria; haren jarraitzailea. 'Queer' teoria eta mugimendua.

sexilio. Heteroarauaren presiotik ihes egiteko sorterritik alde egitea.

sexu. Biologikoa. Ez nahasi generoarekin. Generoa eta aspirina: Bayer etxearen pilula ezagunak ez die berdin eragiten gizonei eta emakumeei*[e.] Sexua eta aspirina: Bayer etxearen pilula ezagunak ez die berdin eragiten gizonei eta emakumeei.

sexu berekoen harreman, sexu berekoen ezkontza (sexu berdinekoen harreman*, sexu berdinekoen ezkontza*).

trans (trans pertsona*). Oro har mintzatzeko balio du, transexualak eta transgeneroak biltzen baititu. Inoren esanetan, onartzekoa da 'pertsona trans', baina ez 'trans pertsona'.

transexual. Bere ezaugarri biologikoengatik jaiotzean ezarri zaion generokoa ez baizik bestekoa sentitzen dena. Laburturik, 'trans'.

transfobia, transfobo. Transen kontrako jarrera edo gorrotoa; transfobia duena.

transgenero. Bere ezaugarri biologikoengatik jaiotzean ezarri zaion generokoa ez baizik bestekoa sentitzen dena, edo ez genero tradizional batekin eta ez bestearekin identifikatzen ez dena. Laburturik, 'trans'. Gizon transak edo gizon transgeneroak.

trans legea, -a. Espainiakoak honela du izen osoa: Transen Berdintasun Erreal eta Efektiborako eta LGTBI Pertsonen Eskubideak Bermatzeko Legea.

trantsitu. Transexualitateaz mintzatzeko ere erabiltzen da, 'trantsizio'-rekin batera.

Zinegoak. LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Bilboko Jaialdia (lehen, Gay-Lesbo-Trans Zinemaren eta Arte Eszenikoen Bilboko Jaialdi Nazioartekoa).

zisgenero. Bere ezaugarri biologikoengatik jaiotzean ezarri zaion generokoa sentitzen dena. Laburturik, 'zis'. Zis gizonak edo gizon zisgeneroak.

zuriketa morea, zuriketa berdea, ostadar zuriketa, kirol zuriketa... (purplewashing*, greenwashing*, rainbow washing*, sportwashing*). Gizarte mugimendu baten aldarriak babesteko itxurakeria. Feminismoari badagokio, 'zuriketa morea' erabiltzen da; ekologismoaren arlokoa bada, 'zuriketa berdea', eta abar. Era berean, 'kanpomorea', 'kanpoberdea' eta gisakoak ere erabil daitezke.

© Berria.eus - Euskal Editorea SM    •   Martin Ugalde kultur parkea, Andoain 20140
Telefonoa: 943-30 40 30  •   Faxa: 943-59 01 72  •  Posta elektronikoa: [email protected]
webgunearen mapa